AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Keir Starmer (X)
2025/04/22 10:03

Amerikako Estatu Batuetako, Ukrainako, Frantziako Estatuko, Alemaniako eta Erresuma Batuko buruek bilera bat egingo dute bihar Londresen, Ukrainako gerrarako balizko su-eten bat aztertzeko. Bloomberg-ek apirilaren 21ean aipatutako iturrien arabera, AEBen ordezkaritza modura, Marco Rubio estatu-idazkariak eta Steve Witkoff eta Keith Kellogg ordezkari bereziek parte hartuko dute. Helburua joan den astean Parisen eztabaidatu ziren proposamenen jarraipena egitea da, frontearen ildoa izozteko eta bake-akordio bati begira aurrera egiteko.

AEBek proposatutako planaren funtsezko elementuen artean daude Errusiari ezarritako zigorrak partzialki arintzea, Krimearen gaineko kontrola de facto onartzea eta Ukraina NATOtik behin betiko baztertzea. Trukean, Kieventzako segurtasun-bermeak eskatuko lituzkete. Errusiak Ukraina ekialdean eta hegoaldean militarki hartu dituen posizioei eustea ere aurreikusten du proposamenak.

Ekimena Moskuk bere operazio militarrei berriro ekin dien une batean iritsi da, Pazko Egunean 30 orduko su-eten bat egin eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazpen batzuk egin ondoren. "Pozik gaude Donald Trumpen administrazioak Ukraina NATOn sartzea baztertu izanarekin", esan du, gainera, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, ordea, berretsi du uko egiten diola Errusiari lurrak emateari. "Baldintzarik gabeko su-etena bakerako lehen urratsa izan behar da", adierazi zuen astelehenean X sarean, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroarekin hitz egin ostean.

Bestalde, aste honetan akordioa lortzeko "aukera oso ona" dagoela nabarmendu du Trumpek, baina datozen egunetan aurrera egin ezean, AEBak negoziazioetatik "aldendu" daitezkeela ohartarazi zuen. Bloomberg-ek jakinarazi duenez, Washingtonek negoziazioetan jarraitzea "epe laburrean" emaitzak lortzeak baldintzatzen du, Rubioren esanetan.

EZ DAGO IRUZKINIK