Abetxukon izandako etxegabetzea salatu eta desokupazio enpresei aurre egiteko tresnak martxan jarri dituzte Errakik eta Etxebizitza Sindikatuak

Desokupazio enpresa batek Abetxukoko familia bat etxetik bota duela salatu dute Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak eta Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak, agerraldi bidez. Horrelako kasuei aurre egiteko aholku-gida aurkeztu dute, desokupazio enpresen erasoak jasaten dituztenentzako eskuragai egongo dena.
Argazki Nagusia
2021eko uztailaren 28a

Desokupazio enpresa batek Gasteizko (Araba) Abetxuko auzoan egindako etxegabetzea salatu eta halako kasuei aurre egiteko gida aurkeztu dute Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak eta Etxebizitza Sindikatuak. Horrekin batera, etxe kaleratzearen nondik norakoak azaldu dituzte prentsaurreko bidez.

Ziurtatu dutenez, kaleratua izan den familiak lau urte zeramatzan Banco Popularren jabetza zen etxe batean bizitzen. Etxea putre-funts batena izatera igaro zen duela hilabete batzuk, eta hark kontratatu zuen desokupazio enpresa. Hala, apirilean etxebizitzara bertaratu ziren desokupazio enpresaren soldatapekoak, sarrailagilearekin batera, sarraila aldatzeko asmoz. "Inolako agindu judizialik gabe, etxegabetzea modu ilegalean gauzatu nahi" izan zutela azpimarratu dute gaurko agerraldian. Izan ere, etxebizitzaren legezko jabeek, administrazioak eta Gasteizko Udaltzaingoak bertan jendea bizi zenaren "froga argiak" zituztela jakinarazi dute.

Abetxukoko desalojoa

Aste batzuk beranduago, ekainean, desokupazio enpresako matoi bat eta abokatu bat bertaratu ziren etxebizitzara. Han bizi zen pertsona bati mehatxu egin zioten, sarraila aldatuko zutela esanez, eta eskaintza ekonomiko bat egin zioten handik alde egitearen truke. "Egoera jasanezin horretan, han bizi zen familiak dirua onartu eta etxea hustera derrigortuta ikusi zuen bere burua, ezetz esatekotan gerta zitekeenaren beldur", azaldu dute. Azkenean, familiak uztail hasieran utzi behar izan du bizilekua. Errakik eta Etxebizitza Sindikatuak, bestalde, duela egun batzuk izan dute gertaturikoaren berri.

Ildo beretik, Abadiñon (Bizkaia) gertaturikoa ekarri dute gogora agerraldian, desokupazio enpresen jokabideak azaleratuz: "Etxeetara bortxaz sartu eta kolpeen zein mehatxu bidez horietatik joatera derrigortzen zaituzte".

Desokupazio enpresen funtzioak

Desokupazio enpresak "matoi faxistaz osaturiko talde parapolizialak" direla nabarmendu dute, eta "Estatuaren hutsuneak betetzeko lan zikina" egiten dutela. Erakundeon funtzio nagusiak ere zerrendatu dituzte: "prozedura judizialen geldotasuna probestuz, etxegabetzeak epailearen agindurik gabe gauzatzea" nahiz "jabetza pribatuaren aldeko lan ideologikoa egite". Horrek guztiak, "espazioen legezko jabetzak babestea eta okupazioa kriminalizatzea" dakarrela nabarmendu dute Errakik eta Etxebizitza Sindikatuak. Bide batez, Desokupa enpresaren Desokupa TV kanala ere aipatu dute, "proletariotzaren sufrimendua entretenimendurako objektu morboso" bilakatzen duela salatuz.

Proletalgoaren babesgabetasun egoera, putre-funtsak eta moratoria

Desokupazio enpresak seinalatzeaz gain, zerbitzu horiek kontratatzen dituzten jabeak eta berauek baimentzen dituen Estatua ere salatu dituzte gaur: "Etxegabetzeak atzeratzen dituen moratoria luzatu baldin bada ere, etxegabetzeak gauzatzen jarraitzen dute". Gasteizko San Martin auzoan kalera botatako familiaren kasua gogorazi dute, lege-dekretuaren baimenez "jabe txikiek eta ertainek etxegabetzeak exekutatu " ditzaketela azalduz.

Esan bezala, putre-funts baten jabetza zen Abetxukoko etxebizitza. Zentzu horretan, lege-dekretuaren arabera, ezingo lukete hustu. Funtsak, ordea, "desokupazio enpresen zerbitzuak kontratatu eta mehatxu bidez familia etxetik bota du; moratoriapean eta inolako ondoriorik gabe".

Errakiren eta Etxebizitza Sindikatuaren arabera, "jabe kapitalistak mekanismo ezberdinak nahi ditu nahi duena egiteko", "prozedura juridikoek barne hartzen ez duten espazio txiki hori iniziatiba pribatuekin betetzen delako". Gauzak horrela, "proletalgoaren egoeraz" ohartarazi dute: "Jabetzarik ez duen hura, gero eta baliabide gutxiago dituena, gero eta babesgabetasun egoera bortitzagoa pairatzen duena".

Antolakuntzaren beharra eta aholku-gida

"Proletalgoaren babesgabetasunaren aurrean, antolakuntza forma efektiboak garatzearen beharra" azpimarratu dute, "burgesiaren erasoen aurrean langile kontrolpeko espazioak defendatzeko". Izan ere, Abetxukokoa bezalako kasuek erakusten dutenez, "antolatuta egon ezean, jabe kapitalistak bere mekanismoen bitartez ez du inolako zalantzarik izango familia bat kalean uzteko, enpresa faxistak erabiliz beharrezkoa balitz".

Beraz, "ezinbestekotzat" jo dute antolakuntzaren afera, enpresa faxisten eraginkortasuna "zeharo" baldintzatu dezakeela uste baitute. Azken batean, desokupazio enpresak "familien ezjakintasunaz eta babesgabetasunaz" probesten direla azaldu dute.

Ofentsiba hori borrokatzeko, "indarrak metatzera" dei egin dute. "Bestela, geroz eta modu basatiagoan izango gara kaleratuak gaztetxeetatik, etxebizitzetatik, gune sozial eta politikoetatik", ohartarazi dute. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Errakik, besoz beso, "desokupazio enpresa faxisten aurrean erantzuteko konpromisoa" aldarrikatu dute.

Bide horretan ekarpena egiteko asmoz, desokupazio enpresen aurrean egin daitezkeenak azaltzen dituen gida aurkeztu dute. Azkenik, halako egoerak bizi dituzten familiei, eragileei zein norbanakoei eurekin harremanetan jartzeko deia luzatu diete. "Antolatuz soilik egingo baitiogu mehatxuari aurre", ondorioztatu dute.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik