AKTUALITATEA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko jaialdia.
2021/11/26 21:28

Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak eta Errotxapeako Gaztetxeak (Iruñerria, Nafarroa) antolatuta, azaroaren 20an egin zituzten Errotxapeako Gaztetxearen desalojoaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko lehen Elkartasun Jaialdiak. Hain zuzen, Burlatan (Nafarroa), Ondarroan (Bizkaia), Oñatin (Gipuzkoa) eta Gasteizen (Araba) egin zituzten ekimenak, Desalojorik ez erantzunik gabe! eta Antolatzerik ez espaziorik gabe! aldarri hartuta.  

Sei urte luzeko prozesuaren ostean, irailaren 2an desalojatu zuten Errotxapeako Gaztetxea. Ehundik gora identifikatu eta sei atxilotu izan ziren.  Dagoeneko iritsi dira aurreneko isunak, eta horiei guztiei erantzun ahal izateko antolatu dituzte jaialdiak Errakik eta Errotxapeako Gaztetxeak.  

Oñatin egun osoko egitaraua zegoen prestatuta aurreko larunbaterako, eta ekintza desberdinak egin zituzten: pilota partidak, bazkaria, bertso bingoa, elkarretaratzea, kontzertuak... denak, Espaziorik gabe antolatzerik ez! eta Desalojorik ez erantzunik gabe! lelopean. Ondarroan DJ gaua egin zuten arratsaldetik hasita, eta jende ugari bertaratu zen.

Gasteizen kontzertuak egin zituzten gaztetxean, Errotxapean atxilotutakoei, isunduei eta erasotuei babesa agertuz. Raimundo el Canastero eta Banana Shake taldeek eskaini zituzten zuzenekoak, eta giro paregabea sortu zen. DJ Andreas Cuelloren musikarekin biribildu zuten eguna. Burlatan ere aldarriak eta musika izan ziren protagonistak. Erripagainako karpan kontzertuak eskaini zituzten Ekintza 16, Marianitoz Blai eta Yare Collective & Kbless taldeek. Ondoren, Burlatako Gaztetxean jarraitu zuten jaialdiarekin, Kaiko eta Zigix DJen eskutik.

Abenduan, hitzorduak Lizarran eta Zarautzen

Azaroko jaialdiak eginda, abenduan itxiko dute antolatutako ekimen sorta; Lizarrak (Nafarroa) eta Zarautzek (Gipuzkoa) hartuko dituzte azken bi jaialdiak, hain justu. Lizarran abenduaren 10ean egingo dute Errotxapeako Gaztetxearen desalojoak utzitako isunei eta kalte ekonomikoei aurre egiteko jaialdia. 19:00etan hasita, kontzertuak eskainiko dituzte Suizidio Kolektivo, La Eskolta eta Bide Bakarra taldeek, Sugarra gaztetxean.

Zarauzko jaialdia abenduaren 18an izango da, eta egun horretan Iheskide, Istilu eta Onlyfly taldeak arituko dira Putzuzulo Gaztetxean. Sarrera bost euro ordaindu beharko da.

Errakik gogoratu du ez direla "garai errazak" gaztetxe edo, orokorrean, Langile Kontrolpeko Espazioentzat, eta antolatzeko beharra azpimarratu du: "Testuinguruak panorama zaurgarria marrazten digu. Horregatik, ezinbestekoa dugu autodefentsa antolatzea. Estatu burgesaren kolpe errepresiboa ez dadila izan gure grin iraultzailea baretzeko gai".

EZ DAGO IRUZKINIK