AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: LAB
2022/05/19 12:16

Oraindik ez dago Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako lan-hitzarmenaren inguruko akordiorik, eta borrokan jarraitzen dute sektoreko beharginek. Gaur grebara jo dute 258. aldiz, eta manifestazio bat egin dute goizean, Donostian (Gipuzkoa).

Lan-hitzarmena orain lelopean irten dira kalera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari exijitu diote "bere erantzukizuna onar" dezala eta "konponbideak proposa" ditzala negoziazioaren blokeo-egoerari dagokionez. Izan ere, salatu dute Aldundiko ordezkariak joan ere ez direla egiten negoziazio-mahaira, adinekoen egoitzak instituzio publikoen eskumenekoak izan arren eta diru publikoz hornitu arren. Patronalak, aldiz, ez du inolako "proposamenik aurkeztu" bileretan.

Bihar elkartuko dira berriz negoziazio-mahaian. ELA sindikatuak dio "mahaia utziko" duela "negoziazio erreal baterako borondaterik ez badago". %60etik gorako ordezkaritza sindikala dauka ELAk sektorean.

Luze doa blokeo-egoera

Bost urte baino gehiago igaro dira lan-hitzarmenari buruzko negoziazioak hasi zirenetik, eta azken lau urteetan, 258 greba egun egin dituzte sektoreko langileek. Lan-baldintzei lotutako hainbat behar nabarmendu dituzte borrokari ekin ziotenetik; besteak beste, ratioak hobetzeko beharra, langile kopurua handitzekoa, lan-karga txikitzekoa, egutegiak formalizatzekoa, oporretarako eskubidea bermatzekoa, nahiz lanpostuak egonkortzekoa.

Grebarako eskubidea, berriz urratuta

ELAk salatu du, bestalde, azken bi urteetan grebarako eskubidea ukatu diela beharginei Eusko Jaurlaritzak, "pandemiaren aitzakia erabilita". "Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri" izan zaizkie, eta hala gertatu da gaur ere. "Gainera, gaurko greba oztopatzeko, Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen agindua atzo 15:00etan igorri zion sindikatuari, araua bera errespetatu gabe", azaldu du.

EZ DAGO IRUZKINIK