Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! aldarritzat hartuta, manifestazio handi bat antolatu dute larunbat honetarako Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek. Bilbon (Bizkaia) izango da, 13:00etan Plaza Eliptikotik abiatuta. Azaroaren bukaerarako, Euskal Herriko 180 kolektibo baino gehiago ziren deialdia babestu zutenak, baina are gehiagok eman dute euren atxikimendua ordutik: gaur goizean Bilbon bertan egindako agerraldi batean jakinarazi dute, guztira, 220 kolektibo batu direla mobilizazio deialdira.
Antolatzaileek helburutzat izan dute "etxebizitzaren arazoaren errora jotzea", ohartarazi baitute, "etxebizitza negozioa den bitartean, inoiz ez dela eskubidea izango". Seinalatu dute "etxebizitzaren merkantilizazioak langile-klasearen osotasunari eragiten" diola, "gero eta gehiago eta gero eta gogorrago", baina "askorentzat eguneroko arazoa den hori, beste batzuentzat negoziorako aukera" dela. Hala, "putre-funtsek, bankuek, industria turistikoak, erakunde publikoek edo inbertitzaile handiek etxebizitzaren merkatutik gero eta irabazi handiagoa ateratzen dute", etxebizitza sindikatuen esanetan: "Gutxi batzuen aberastasunaren eta jabetzen atzean, gehienon pobrezia eta desjabetzea ezkutatzen dira".
Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua
Manifestazioaren deialdia aurkeztu ostean ekin zioten antolatzaileek atxikimenduak biltzeari, eta handia izan da erantzuna: esan bezala, 220 eragilek baino gehiagok egin dute bat. Sektore askotako kolektiboek erakutsi dute euren babesa: etxebizitza eskubidearen alde eta bazterketa sozialaren kontra jarduten dutenak; eragile sindikalak eta langile-elkarteak; ekosistemen suntsiketaren aurka dihardutenak; arrazakeriaren aurka antolatzen direnak; auzo-elkarteak, espazio autogestionatuak eta askotariko kultur-elkarteak; antolakunde politikoak, faxismoaren kontrakoak eta antimilitaristak; talde feministak, emakumeen, genero-identitateen eta sexu-disidentzien diskriminazioaren aurka aritzen direnak; Gaztetxeak eta Gazte Asanbladak, eta abar. Atxikimendu guztiak argitaratu ditu Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
"Etxebizitza eskubide unibertsal gisa defendatzen duen Euskal Herri mailako mugimendu zabal bat gorpuzteko lanean ari gara", nabarmendu dute etxebizitza sindikatuek. Zentzu horretan, uste dute "urrats txiki bat" izan daitekeela larunbat honetako manifestazioa: "Bilboko kaleak hartzera gonbidatzen zaituztegu".