3,3 milioi euroko lizitazio bat aurkeztu berri du Espainiako Trafiko Zuzendaritzak —Barne Ministerioaren menpe dago—, "3.0 ibilgailu konektatuaren plataformaren mantentze-lanetarako eta zerbitzuetarako". Dirudienez, Interneterako konexioa duten ibilgailuen datuak bilduko ditu sistema berri horren bidez, denbora errealean.
Ez hori bakarrik, dena den: dirudienez, errepidean doazen ibilgailuei eta gidariei buruzko informazioaz gain, "bide-elementuekin edo hiri-altzariekin" —trafiko-seinaleak, semaforoak, farolak, eta abar— zer gertatzen den jakin ahal izango du Trafiko Zuzendaritzak, une oro. Gauzen Interneta delakoak ahalbidetuko du hori; alegia, zenbait objektuk Interneterako duten sarbideak.
Datozen lau urteetan garatuko dute ibilgailu konektatuen sistema, baina momentuz azaldu dutenez, erabiltzaileek plataformara informazioa igoko dute; esaterako, ibilgailuek modu automatikoan —sentsoreen bidez— bidean hautemandako gertakariak, edota gidariek ikusitakoak —autoak geldirik daudenean, autoren bat kontrako norabidean doanean, eta abar—.
Anonimotasuna zalantzan
Ustez "modu anonimoan" landuko da plataformak jasotako informazioa, ibilgailu eta gidari bakoitza ez identifikatzeko moduan, eta helburu batekin: Espainiako Estatuko "bide-segurtasuna bermatzea edo areagotzea", errepideetako arrisku-gertaerei aurre eginez. Dena den, Trafiko Zuzendaritzak jada jarri ditu mahai gainean informazio horretara sarbide sakonagoa izatea ahalbidetuko luketen hainbat agertoki. "Bide-segurtasunerako arriskua" dagoela uste badu, ibilgailu edo gidari bati buruzko informazio zehatza arakatu ahalko du Barne Ministerioak.
Bide-segurtasunerako arrisku-egoerak izango lirateke, antza, ibilgailuek "polizia atzetik izatea, ausarkeriaz gidatzea, gehiegizko abiadura izatea, trafiko-seinaleei jaramonik ez egitea", eta abar. Administrazio publikoak eta udalak ere plataformara konektatuta egongo dira.
Urrats bat
"Auto konektatua" deituriko helburua betetzeko Espainiako Estatuan emango duten pausoa omen da; besteak beste, etorkizunean ibilgailuak gidaririk gabe mugitu ahal izatea bilatzen du "auto konektatua" izeneko proiektuak. Horretarako, ezinbestekoa da autoen lokalizazioa ezagutzea, eta horretarako ari omen dira aipatutako plataformaren moduko baliabideak sortzen.