AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Greenpeace
2025/04/16 09:13

Copernicuseko Klima Aldaketaren Zerbitzuaren (C3S) eta Meteorologiaren Mundu Erakundearen (MME) azterketen arabera, joan den urtea, 2024a, historia osoan erregistratutako beroena izan zen Europan. 2020ko errekorra gaindituta (0,3 gradu), 1991-2000 aldian baino 1,5 gradu altuagoak izan ziren iazko batez besteko tenperaturak. Adituen esanetan, mundu mailako abiadurarekin alderatuta, Europan bi aldiz bizkorragoa izaten ari da berotze-prozesua. Iaz, adibidez, batez besteko globala baino askoz ere beroagoak izan ziren urteko egunen %45.

Europaren erdialdean, ekialdean eta hego-ekialdean ordura arteko marka guztiak hautsi zituzten iazko tenperaturek, eta zenbait tokitan 2-3 graduko anomaliak atzeman zituzten. Espainiako Estatuaren hegoaldea da gorriz markatutako lekuetako bat, eta ikerlariek arreta bereziz begiratu diote iaz izandako DANA fenomenoari. Izan ere, gogora ekarri dute gutxienez 335 pertsona hil zirela eta 413.000 lagunek jasan zituztela kalteak, eta Espainiako Estatuko prezipitazio errekorrak gainditu zirela ordubeteko, sei orduko nahiz 24 orduko epeetan.

Klimaz gain, itsasoaren tenperaturari ere erreparatu diote ikerketetan, eta ondorioztatu dute Europako itsasoko uren tenperatura inoiz baino altuagoa izan zela 2024an. Batez beste 0,7 gradu igo ziren neurriak, eta azpimarra egin diote Mediterraneoari, bertan 1,2 gradukoa izan baitzen igoera. Ikerlariek ohartarazi dutenez, atmosferako eta itsas-azaleko tenperaturak altuagoak izateak ur-lurruna metatzea dakar, eta horrek prezipitazioen intentsitatea areagotzen du. Horixe da, beraz, klima-aldaketaren ondorioetako bat.

EZ DAGO IRUZKINIK