AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2023/02/06 08:56

Urtarrilaren amaieran atera zen argitara Espainiako Estatuak ere areagotu egingo zuela Ukrainari emandako laguntza militarra, tanke gehiago bidalita. Azken hilabeteetan, Ukrainako Gobernuak etengabe eskatu dizkie arma gehiago Mendebaldeko herrialdeei; batez ere, tankeak. Hala, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran, Ukrainari emandako babesa berretsi eta orain arteko arma bidalketarik handiena egitea onartu zuen NATOk urtarrilean. Dena den, tankeen bidalketan egon da fokua jarrita, bereziki, Leopard 2 tankeena. Alemaniaren esku daude arma horien mugimenduak, ekoizpen alemaniarrekoak baitira, eta urtarrilaren bukaeran argitu zuen baimena emango ziela hala eskatzen ari ziren estatuei Leopard 2 ibilgailuak Ukrainara bidaltzeko. Ordutik, Ukrainari tankeak helarazteko urratsak ikus daitezke Mendebaldean zehar.

Bilbora (Bizkaia), esaterako, aurreko ostiralean iritsi ziren Espainiako Armadak mugitutako tanke blindatu batzuk. Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren zaintzapean eraman zituzten Bilboko portura. Zehazki, 60ko hamarkadan ekoitzitako TOA M-113 ereduko 20 tanke daude Bilbon. Soldaduak garraiatzeko erabiltzen omen dira, eta hamahiru pertsona sartzen dira ibilgailu bakoitzean. Hainbat komunikabideren arabera, gaur hartuko dute Ukrainarako bidea. Itsasontziz, NATOk Letonian daukan basean egingo dute geldialdi bat lehenengo, eta gero egingo dute Ukrainarako azken zatia.

Iazko irailean antzeko bidalketa bat egin zuen Ukrainara Espainiako Gobernuak. Bestalde, Zaragozan dauden Leopard motako tankeen bidalketa bat ere ari dira prestatzen. Zenbait komunikabidek diotenez, udaberrirako izan nahi dute prest.

Kanada izan da Ukrainara Leopard tankeak helarazten aurrenekoa; guztira, mota horretako bost arma emango dizkio gerrarako. Espainiako Estatuarekin batera, badirudi Amerikako Estatu Batuek zein Alemaniak bidaliko dituztela Leopard ibilgailuak Ukrainara.

EZ DAGO IRUZKINIK