AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protesta Iruñean. ARGAZKIA / recuperando.es
2024/01/09 13:01

2021eko otsailean, Eliza katolikoak immatrikulatutako jabetzen zerrenda bat bidali zuen Espainiako Gobernuak Gorte Nagusietara; alegia, Elizak lapurtu eta bere izenean jarritako jabetzen lista bat. Horren arabera, 1998tik 2015era bitartean, gutxienez 34.961 jabetza immatrikulatu zituen Elizak Espainiako Estatuan, gobernu-agintaritzen babesarekin.

Horietatik 1.027, gainera, "modu desegokian" immatrikulatu zituen, gobernuak 2022an egindako txosten baten arabera. Lapurreta eta immatrikulazio-prozeduretan agintaritza katolikoek 2.575 akats egin zituztela zenbatu zuen gobernuak, 949 esleipenari lotuta. Immatrikulatutako ondasunen artean, beraz, milaka eta milaka dira, ofizialki, Elizaren jabetza gisa jasota ez daudenak, aipatutako akatsen ondorioz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, zehazki, 88 ondasun lapurtu omen zituen Elizak denbora-tarte horretan, elDiario.es atariak 2021ean jaso zuenez. Besteak beste, eliza-agintaritzek jabetzak lapurtu zituzten Aiaran (Araba), Gasteizen (Araba), Kanpezun (Araba), Bergaran (Gipuzkoa), Donostian (Gipuzkoa), Mutrikun (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Lezaman (Bizkaia), Diman (Bizkaia), Barakaldon (Bizkaia), Orozkon (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia) edota Elorrion (Bizkaia).

Txosten horrek, baina, ikuspegi nahiko mugatua ematen du azken urteetan Eliza katolikoak lapurtutako jabetza kopuruaren inguruan. Eusko Jaurlaritzak 2016an esku artean izan zituen datuen arabera, 1978tik 2015era bitartean, 530 ondasun lapurtu eta bere izenean jarri zituen Elizak; 387 Gipuzkoan, 84 Bizkaian eta 69 Araban. Lapurtutako jabetzen artean daude, eraikinez gain, Bizkaiko Oiz mendiaren gailurra, Donejakue bidearen hainbat zati zein aparkaleku batzuk, besteak beste.

Bereziki deigarria da Gipuzkoako lapurreta kopurua. Garaian Eusko Jaurlaritzan bildutako datuen arabera, herrialdeak dituen 88 udalerrietatik 61etan immatrikulatu zituen ondasunak Elizak. 1979 eta 2000 artean izan ziren lapurreta gehienak, Jose Maria Setien gotzain zela.

Immatrikulazioak, Francoren eta ondorengoen eskutik

Frankismo garaian ekin zien ondasunen immatrikulazioei Elizak, 1946an, diktadoreak hala aginduta. Hipoteka-erreforma gisa ezagutzen denaren bidez, Mendizabalen desamortizazio-prozesuan gertatutakoa konpontzen saiatu zen Francisco Franco: izan ere, 1822an hasita, Elizaren hainbat jabetza nazionalizatu ziren. Horri aterabide bat emateko, are gehiago saritu nahi izan zituen agintaritza eta erakunde katolikoak Francok, ondasunak lapurtzea ahalbidetuta.

Ordutik milaka eta milaka jabetza bere izenean jarri zituen Elizak, eta aukera hori babestu zuen Espainiako Gobernuak 1998an, Jose Maria Aznar presidente zela. Hala, 2015era bitartean, beste milaka ondasun lapurtu zituzten agintaritza katolikoek. Urte horretan, baina, gobernuak atzera bota zuen, legez, immatrikulazio-aukera hori. Mariano Rajoy zen presidentea une horretan.

Aurten ere, protesta Nafarroan

Elizak hamarkada luzez egindako milaka eta milaka lapurretek, dena den, indarrean jarraitzen dute: oso gutxi dira bere jabetzatik kanpo utzi eta "itzuli" dituen ondasunak. Nafarroan, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak hamarkada bat baino gehiago darama protestan: urtearen amaieran mobilizazio bat egiten du Iruñean (Nafarroa), Iruñeko gotzaitegia seinalatzeko. Aurten ere egin du manifestazio bat hiriburuko kaleetan barrena, Lapurtutako ondarea itzuli. Herriarena herriarentzat lelopean.

Zestoako Gaztetxea, huste arriskuan

Zestoan (Gipuzkoa), Gazte Asanbladak duela ia urtebete birjabetu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Gaztetxe bilakatzeko. Elizaren jabetzakoa da eraikina, eta Gaztetxearen kontrako salaketa bat aurkeztu zuen Gipuzkoako gotzaitegiak. Gazte Asanbladak irtenbide bat topatzeko egindako saiakerei uko egin eta Gaztetxearen aurkako prozedurarekin aurrera jarraitzea erabaki du Elizak, eta, horren harira, datorren urtarrilaren 24an epaituko dituzte bi gazte: kalte-ordain eta isun ikaragarriak eskatzen dituzte haientzat, Gaztetxearen irekierari lotuta.

Zestoako Gazte Asanbladak, Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearekin batera, kanpaina bat dauka martxan: "salerosketaren eta diruaren Elizari" modu kolektiboan apostasia egitera deitzen ari dira. Zestoan bertan, esaterako, hainbatetan jarri dituzte informazio-postuak, jendeari apostasia egitea errazteko eta horretan laguntzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK