Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek agerraldi bat egin zuten urrian Bilbon (Bizkaia), mobilizazio deialdi bat aurkezteko. Indarrak batu eta manifestazio bat antolatu dute abenduaren 14rako, Etxebizitza eskubidea bermatu. Negozioari ez! lelopean. Bilbon bertan izango da, 13:00etan Moyuatik hasita. "Etxebizitzaren negozioaren aurka, politikarien eta instituzioen fartsaren aurka eta doako eta kalitatezko etxebizitzaren alde" kaleak hartzera deitu dute, beste hainbat lurraldetan egiten ari diren modura.
Etxebizitza sindikatuek egindako mobilizazio deialdiari babesa eman diote Euskal Herriko 180 kolektibok. Arlo askotan lan egiten duten eragileak dira: etxebizitza eskubidearen alde eta bazterketa sozialaren kontra jarduten dutenak; eragile sindikalak eta langile-elkarteak; ekosistemen suntsiketaren aurka dihardutenak; arrazakeriaren aurka antolatzen direnak; auzo-elkarteak, espazio autogestionatuak eta askotariko kultur-elkarteak; antolakunde politikoak, faxismoaren kontrakoak eta antimilitaristak; talde feministak, emakumeen, genero-identitateen eta sexu-disidentzien diskriminazioaren aurka aritzen direnak; Gaztetxeak eta Gazte Asanbladak, eta abar.
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak argitalpen honetan eman du atxikimendu guztien berri.