AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/28 11:18

Martuteneko (Donostia, Gipuzkoa) Agustindarren eskola izandakoan agerraldi bat egin dute gaur hainbat kolektibok, gaur egun eraikin horretan bizi diren 111 pertsonak abenduaren 4an etxegabetu nahi dituztela salatzeko eta haientzako etxebizitza-alternatiba bat exijitzeko: "2026ko otsailerako ezarria zegoen kaleratzea, baina ustekabean, egun batetik bestera, aurreratu egin dute". Donostiako Harrera Sareak, Martuko Harrera Sareak, Kaleko Afari Solidarioek, Amara Berri Ehuntzenek, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Saretxek, Herripe Auzo Elkarteak eta Guztiontzako Egiak batu dituzte indarrak salaketa egiteko. "Pertsona hauei hilabete bat baino gutxiago utzi zaie lo egiteko beste leku bat aurkitzeko, eta are larriagoa egiten du egoera negua iristear egoteak", ohartarazi dute.

Donostiako Harrera Sareak jakinarazi du aurreko astean egiaztatu zuela eraikinean 111 lagun bizi direla. "Askok hilabeteak daramatzate han, eta batzuek, bi urte baino gehiago", azaldu dute: "Pertsona hauek guztiak Donostian gaur egun kale-egoeran biziraun behar dutenen zati bat dira. Egoera isolatu bat izatetik urrun, egun 500 lagunetik gora bizi dira horrelako baldintzetan".

Kriminalizazioa eta erakunde publikoen erantzukizuna

Aipatutako kolektiboek gogor salatu dute Agustindarren eskolan bizi diren pertsonek jasandako kriminalizazioa: "Denbora luzez komunikabideek, sare sozialek eta eztabaida publiko askok Martuteneko eskola segurtasun-gune problematikotzat aurkeztu dute. Hemen bizi direnak kriminalizatu eta ahalik eta azkarren hustu beharreko leku gisa seinalatu dute. Etorkinak etengabe seinalatzen dituzte eta, era horretan, foku mediatikoa arazo errealetatik eta horien arduradunetatik aldentzen dute". 

Izan ere, uste dute "garbia" dela erakunde publikoen ardura: "Udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak aspalditik dakite pertsona hauek kalean geratuko direla, gutxienez 2024ko ekainetik, eta ez dute ezer egin egoera hori aurreikusteko, ez dute inongo kontingentzia planik aurkeztu. Kontrara, sektore atzerakoienen presioari men egin diote, eta kalean gera ez daitezen baliabideak bideratu beharrean, indarrez kanporatzea erabaki dute. Zerbitzu sozialen eta giza-eskubideen bidea hartu beharrean, Poliziara jo dute eskolan bizi diren pertsonak babesik gabe utzita". Gaineratu dutenez, "etxegabetasuna ez da baliabide faltaren arazoa", eta "erakundeek beraiek betikotzen dute etxebizitzaren arazoa".

"Donostian ere arrazakeria gora doa"

Agerraldian bildu direnek kezkaz adierazi dute, bestalde, "Donostian ere arrazakeria gora" doala, eta horren erakusle dela hirian "gazte migratzaile magrebtarrek jasaten duten gorroto eta deshumanizazio maila". Uste dute diskurtso arrazista hori "gazteekin hitz egin gabe eraiki" dela jendartean; "inoiz galdetu gabe zergatik bizi diren eskolan, zer egoerak eraman dituen horretara, edo zer benetako alternatiba duten".

Atzerritartasun Legea, Polizia eta ezintasunak

"Martuteneko eskolan bizi badira, ezer baino lehen, hona iristean Atzerritartasun Legeak ezartzen dizkien oztopoekin topo egiten dutelako da", mahaigaineratu dute agerraldian. Eta hala sakondu dute: "Lege horrek gutxienez bi urtez egoera irregularrean bizitzera behartzen ditu; oinarrizko bizi-baldintzak bermatu gabe, etxebizitza-sarbiderako aukerarik gabe, lan-baimenik gabe eta diru-sarrerarik gabe geratzen dira". Zehaztu dutenez, egoera horretan dauden lagunei Donostian "eskaintzen zaien aukera bakarra" da "hiru hilean behin bost gau aterpe batean pasatzea", eta "hortik aurrera, kalea da daukaten alternatiba bakarra".

Hala eta guztiz ere, polizia-indarrek etengabe jazartzen diete, aipatutako kolektiboek gaitzetsi dutenez: "Sistematikoki botatzen dituzte parkeetatik, atarietatik, eraikinen behealdeetatik eta, oro har, Donostiako kaleetan lo egiten saiatzen diren edozein lekutatik, La Sirenako Udal Aterpea (100 plazakoa) hutsik dagoen bitartean". Horiek horrela, "Martuteneko eskola da Donostian kale-egoeran dauden 500 pertsona baino gehiagok duten estalpe bakarrenetako bat".

Poliziak "udalaren konplizitatearekin" daukan esku-hartzea salatu dute, beraz, abisatuz arriskua dagoela polizia-indarrek aipatutako pertsona migranteen kontra "kanporatze-aginduak emateko, dokumentazioa errekisatzeko eta, azkenik, herrialdetik kanporatzeko prozedurak eragin ditzaketen tramiteak abiarazteko".

Kalitatezko etxebizitza denontzat

Kriminalizazio-kanpainaren barruan sortutako estereotipo faltsuei aurre eginez hitz egin dute prentsaurrekoan: "Inork ez luke eraikin horretan bizi behar, baina, hala ere, hemen bizi dira eta espazioak garbitu dituzte, txokoak antolatu eta euren ahalmenarekin txoko duinagoak sortu dituzte, beraien etxe bihurtzen saiatuz". Salatu dute abenduaren 4an gauzatzekoa den desalojo masiboak "haien bizi-baldintzen okertzea besterik ez duela ekarriko", aldarrikatzearekin batera inork ez lukeela kale-egoeran egon behar eta ezinbestekoa dela "guztiontzako kalitatezko etxebizitza bermatzea".

Desalojoaren aurka, mobilizazio bat antolatu dute elkarlanean abenduaren 4rako: 19:00etan irtengo da Egiako epaitegitik, Inor ez kale-egoeran! lelopean.

EZ DAGO IRUZKINIK