AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Ekoizpena bertan behera utziko dute Laudioko Tubacexeko langileek, enpresak segurtasun neurriak bete ezean
Covid-19 birusaren hedapenaren aurrean, Tubacexek ez ditu segurtasun neurriak hartu Laudioko lantegian. Hortaz, langileek ekoizpena eten dute gaur goizean, eta adierazi dutenez, zuzendaritzak neurriak ezartzen ez baditu, "geratzeko eskubide eta betebeharra" dute.
2020eko martxoaren 16
Ekoizpena bertan behera utziko dute Laudioko Tubacexeko langileek, enpresak segurtasun neurriak bete ezean

Aiaraldea-k jakinarazi duenez, Tubacexek Laudioko (Araba) lantokian Covid-19 birusaren kutsatzeari aurre egiteko segurtasun neurriak betetzen ez baditu, ekoizpena geldiaraziko dute beharginek. Oraingoz, enpresak ez ditu neurriok hartu, eta erantzun modura, langileek ekoizpena eten dute gaur fabrikako zenbait gunetan.

Zuzendaritzak, baina, azaldu du ez duela jarduna eteteko inolako asmorik. Gaur bildu da langile batzordearekin, eta lantokia zarratzeko eskaerari heldu beharrean, zuzendaritzako kideek langileei eskatu die "ezarritako protokoloak betetzea eta langileen segurtasuna arriskuan jarriko lukeen ekintzarik ez egitea".

Eskaera zehatzak

Aurrerantzean ere enpresak segurtasun eta babes neurriak hartzen ez baditu, planto egingo dute Laudioko beharginek. Hainbat eskaera zehatz egin dituzte birusaren hedapenaren harira, Tubacexek bete ditzan; esaterako, beharra dagoen lanpostuetan maskarak egotea, lanerako tresnen garbiketa bermatzea, edota langileen arteko gutxieneko distantzia mantendu ahal izatea.

Exijentziak betetzen ez badira, "geratzeko eskubide eta betebeharra" dutela diote langileek.

Iazko udan, bi langile erail zituzten Tubacexen Laudioko fabrikan; uztailean bata, eta irailean bestea.