AKTUALITATEA
Frantziako ikasle-mugimenduaren aurkako errepresioak mutilazioak eta bestelako zauri larriak utzi ditu, eta horrek kontraesan egiten du "hain hilgarriak ez diren armen" erabilera aipatzen duen eta protestak "kaos eta aldebakarreko bandalismo" gisa aurkezten dituen kontakizun ofiziala. Raphaël Pradeau irakasle eta bigarren hezkuntzako ikasle baten aitak zabaldu du balantzea, eta horren arabera, protestak hasi zirenetik urriaren 24ra bitartean, honako zaurituak erregistratu dira: begi batetik itsu gelditu dira zortzi lagun, biri aurpegi txikitu diete, bostek anputazioak jasan dituzte, eta beste hamalau larriki zauritu dituzte.
Parte medikoetan eta lekukotzetan oinarrituta egin dute biktimen zerrenda. Bertan jasotzen dira, besteak beste, Maëlen kasua, irailaren 30ean LBD tiro baten ondorioz begi bat galdu zuen 16 urteko Tourseko gaztea; Evanen kasua, urriaren 5ean Lensen granada baten ondorioz esku bat galdu zuen 15 urteko nerabea; baita 16 urteko nerabe batena ere, Martiguesen, granada negar-eragile baten ondorioz begi bat galdu zuena. Beste kasu batzuetan moztutako eskuak, hanka txikituak, barrabil lehertuak eta arma horien eraginez ebakitako arteria femoralak dokumentatzen dira.
Eskaera Asanblea Nazionalean, 150.000 sinadura baino gehiagorekin
Egoera horren aurrean, Asanblea Nazionalaren plataforman (7231 zk.) eskaera bat bultzatu dute, dagoeneko 151.000 sinadura baino gehiago dituena: arma mutilatzaileei eta ikasleen manifestazioetan immobilizazio-teknika hilgarriak erabiltzeari debekua jartzeko eskatzen du. Zehazki, honako armak erretiratzeko exijitzen du: LBD 40 direlakoak, granada leherkorrak eta hauste-granadak (hala nola GM2L eta DMP motatakoak) eta taser pistolak. Horrekin batera, itotzeko maniobrak debekatzea jasotzen du eskaerak, hala nola, sabeleko plakajea, itotze-mugimenduak eta gorputza tolestea.
"Gobernuaren erantzuna gure ikasleak, gure seme-alabak, kriminalizatzea da", salatu du Pradeauk, eta Laurent Nuñez Barne ministroa seinalatu du, deriba errepresiboa agerian uzteko: "Bigarren hezkuntzako ikasleak direla ahaztu dute, [beretzat] hiltzaileak dira, gaizkileak". Ministroak, gainera, onartu du ez diela poliziei "eusteko kontsignarik ematen, ezta eskura dituzten arma guztiak ez erabiltzeko kontsignarik ere".
Poliziaren basakeriaren instituzionalizazioa
Lehen ministroak, Sébastien Lecornuk, ikasleak baretzeko asmoz neurri sorta bat eskaintzen zien bitartean (15.000 lanpostu berri eta 2028an Parcoursup erreformatzeko promesa besteak beste), Barne ministroak adierazi zuen adin txikikoak "gaizkileak" direla. Ikasle-antolakundeek eta Pradeauk berak gogorarazi dute NBEk eta Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak Frantziari eskatu diotela "lehenbailehen" berrikus dezala indarkeria poliziala erabiltzeko doktrina, eta arma horien erabilera geldi dezala oinarrizko eskubideak errespetatzen direla bermatzeko. Hala ere, gobernuak 70.000 agenteko dispositibo bat martxan jartzen jarraitzen du, manifestatzeko eskubidea murriztuz eta lesio larriak eragin dituen materialaren erabilera ahalbidetuz, zauritutako gazteen kopurua ugaritzen den bitartean.
Herritarren eskaerak 500.000 sinadura behar ditu hemizikloan eztabaidatu dadin, eta helburutzat du Frantziako azken aldiko historiako pasarterik tentsoenak gogora ekartzen dituen errepresio-maila bati galga jartzea. "Ezin dugu itxaron tragedia berriak gertatu arte eta gazte bat hil arte, Malik Oussekinerekin gertatu zen bezala", ohartarazi du Pradeauk, Poliziak 1986an hildako ikasleari erreferentzia eginez. Ikasle-mugimendua, dagoeneko bost aste daramatzana blokeoak eta manifestazioak egiten, azaroko protestetarako prestatzen ari da, borrokak dakarren arrisku fisikoaz eta gobernuak eskainitako apurrek sakoneko arazoa konpontzen ez dutenaz jabetuta.