AKTUALITATEA
Vito Quiles asaldatzaile faxistak porrot egin du berriz. Berez, arratsaldeko 19:00etan egin behar zuen agerraldi bat Bilbon, baina ordu-erdi lehenago jakinarazi du azkenean ez dela jendaurrean agertuko. Egun osoan zehar, milaka pertsona mobilizatu dira Bizkaiko hiriburuan, Quilesen etorrerari ezetz esateko, eta hori ikusi ostean eman du erabakiaren berri probokatzaileak.
Erabakia arrazoitzeko, segurtasunari lotutako arrazoiak erabili ditu berriz ere: "Ertzaintzaren dispositiboko buruarekin hitz egin berri dut, eta ohartarazi dit istiluak izateko arrisku 'oso handia' dagoela Bilbon 19:00etako nire ekitaldiaren harira. ETAko kide ohiak, kaleko terroristak eta beste delitugile batzuk ari direnez protestak gidatzen, bertan behera geratu da hitzaldia". Dena den, ez da Quilesek antzeko buloak erabiltzen dituen lehen aldia, erantzun antifaxista jendetsuak ikusi ondoren atzera egin izana justifikatzeko.
Iruñeko iazko porrotaren ondoren, gezurra esan zuen Quilesek
Iruñean, duela urtebete, jendetza mobilizatu zen asaldatzailearen diskurtso faxistari ezetz esateko, eta, azkenean, ez zen hitzaldia egitera ausartu. Momentu horretan ere segurtasun-arrazoiak erabili zituen Quilesek, sareetan argitaratu baitzuen Espainiako Poliziak esan ziola ezin zuela "bere segurtasuna" bermatu. Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak, ordea, informazio hori gezurtatu zuen gero: "Faltsua da Espainiako Poliziak seinalatu duenik ezin zuela Nafarroako Unibertsitatean aurreikusitako ekitaldiko segurtasuna bermatu".
Gaurko mobilizazio arrakastatsuak Bilbon
Quiles bezalako probokatzaile faxistei ateak zarratzeko eta faxismoari ezetz esateko, jendetza mobilizatu da gaur Bilbon: goizean, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) deituta, milaka ikasle atera dira kalera Faxismoa eta probokatzaileen aurka, ikasle langileok lehen lerrora lelopean. Plaza Eliptikotik hasi da manifestazioa, eta azken urteetan ikusi den ikasle-protestarik handienetakoa izan da.
Arratsaldean ere hainbat mobilizazio antifaxista izan dira asaldatzailearen presentziaren kontra. Protestetako bat Deustuko Unibertsitatearen parean izan da 17:00etan hasita, Probokatzaile faxisten aurka, klase batasuna aldarritzat hartuta, eta ehunka lagun batu dira bertan.
18:00ak aldera eman dute bukatutzat mobilizazio hori, nabarmena zenean Quiles ez zela bertaratuko. "Argi gelditu da erantzun antolatuari esker Vito Quilesek Deustun egindako deialdia bertan behera utzi behar izan duela, orduan, aprobetxatu nahi dugu momentu hau mahai gainean jartzeko faxismoari era antolatuan eta klase-batasunetik aurre egiteko beharra", adierazi dute deitzaileek prentsaurrean.
Vito Quilesen porrotak: Iruñea, Bartzelona, Zaragoza
Azken asteetan, leku ugaritan izan dira Quilesen biraren kontrako protestak, eta faxistaren agerraldiak eragoztea lortu dute hainbatetan. Urriaren 15ean, Iruñean, bigarren aldiz egin zuen porrot probokatzaileak: zenbait minutuz baino ez zen ausartu jendaurrean azaltzera, eta gainera, ez zen agertu Poliziak manifestari antifaxisten kontra hainbatetan kargatu eta haiek sakabanatu arte. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurreko astean egin behar zuen ekitaldia ere bertan behera utzi zuen faxistak, eta Sabadelleko IKEAko aparkalekuan egin zuen hitzaldia horren ordez, mobilizazio antifaxistatik urrun; eta Zaragozan, berriz, agerraldirik gabe gelditu zen eta Poliziak babestuta alde egin behar izan zuen.