AKTUALITATEA / Errepresioa
Tubacexeko langileen aurka oldartu eta langile bat atxilotu du Ertzaintzak
Amurrioko epaitegian deklaratu behar izan zuten atzo Tubacexeko hiru langilek, pikete batean parte hartzeagatik. Langileen alde epaitegi aurrean bildu zirenen aurka jo zuen Ertzaintzak, eta grebalari bat eraman zuen atxilo.
2021ko ekainaren 18
Tubacexeko langileen aurka oldartu eta langile bat atxilotu du Ertzaintzak

Poliziak martxoaren 25eko piketean identifikatu zituen Tubacexeko hiru langile eta, horren harira, deklaratzera deitu zituzten atzorako. Langile batzordeak protestara deitu zuen, eta jende ugari elkarretaratu zen Amurrioko (Araba) epaitegi aurrean, beharginei babesa adierazteko. "Autoritatearen aurka oldartzea" zein "desordena publikoak" eragitea barne hartzen ditu hiru langileen aurkako akusazioak.

Langileak elkarretaratzean zeudela bertaratu zen epaitegira Ertzaintzaren Brigada Mugikorra, eta polizia-lerroa osatu zuen auzitegiaren inguruan. Tentsio uneak izan ziren orduan; ertzainek biltzeko debekua eman zien langileei eta, orduan, protesta egin zuten langileek. Haien aurka oldartu ziren poliziak, eta grebalari bat atxilotu zuten.