AKTUALITATEA / Errepresioa
Sopelan gutxienez hiru pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak
Laugarren pertsona bat atxilo eramaten ere saiatu dira. Dirudienez, joko-aretoen aurkako hainbat ekintzatan parte hartzea leporatzen diete. Arratsaldean askatu dituzte hiru atxilotuak.
2021ko uztailaren 22
Sopelan gutxienez hiru pertsona atxilotu ditu Espainiako Poliziak

Gaur, uztailaren 22an, Espainiako Poliziak gutxienez hiru pertsona atxilotu ditu Sopelan (Bizkaia). Goizean goiz izan dira atxiloketak, eta laugarren lagun bat eramaten ere saiatu dira polizia-agenteak. Hark, ordea, epaitegiek helarazitako zitazioa erakutsi die, eta azkenean ez dute atzeman.

Ustez, joko-aretoen aurkako zenbait ekintzaren harira egin dituzte atxiloketak; "kalte jarraituak" delitua egozten diete. Indautxuko (Bilbo, Bizkaia) polizia-etxera eraman dituzte hiru atxilotuak, baina aske geratu dira arratsaldean.