AKTUALITATEA
Kasualitateak kasualitate, aurreko asteazkenean etxebizitza-eskubide bermatuaren alde izandako greba historikoaren ondoren, hauteskunde-kanpainari ofizialki eman zioten hasiera alderdi politiko profesionalek: azaroaren 13an ireki zuten kanpaina, Espainiako Gorteetarako bozetarako hamabost egun geratzen zirenean. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko kideak hautatuko dituzte berriz azaroaren 29an, 2023an izandako azken hauteskundeen ostean.
Alderdien barne-inkestek bestelako emaitza batzuk mahaigaineratu badituzte ere,GAD3-k egindako azterketa batek aurreikusi du EH Bildu nagusituko dela Hego Euskal Herrian, antzeko mantenduko direla PSOE eta PP, eta behera egingo duela EAJk. Sumar, Podemos eta Vox ordezkaritzarik gabe geratuko lirateke.
EH Bildu: nagusi Hego Euskal Herrian, eta lehen indarra Gipuzkoan eta Bizkaian
GAD3-ren ikerketaren arabera, Hego Euskal Herrian, PSOEren Espainiako Gobernua modu leialean sustengatu duen EH Bildu nagusituko litzateke: 8 eserleku lor ditzake Kongresuan (+2); hain zuzen ere, 1 Araban, 3 Bizkaian, 3 Gipuzkoan eta 1 Nafarroan. Denera 6 aulki ditu gaur egun, 2023ko hauteskundeetan aulki 1 lortu baitzuen Araban, 2 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 1 Nafarroan.
Estimazio horien arabera, EH Bildu lehen indarra izatera igaroko litzateke Bizkaian, barne-polemiketan murgilduta dagoen EAJren ordez, eta bozkatuena izaten jarraituko luke Gipuzkoan. EAE mailan, ezker subiranistak ez du 2011tik lortu Gorteetarako bozetan gailentzea; Amaiur izenez aurkeztu zen orduko hartan. Zenbait iturriren arabera, Fronte Zabala deiturikoaren eta Podemosen botoak xurga ditzake oraingoan EH Bilduk.
PSOE: nola hala mantenduz, eta lehen indarra Araban eta Nafarroan
Ikerketa berdinaren arabera, EH Bilduri atzetik jarraituko lioke PSOEk, 7 hautetsirekin (=); 1 Araban, 2 Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 2 Nafarroan. Gaur-gaurkoz ere zazpi eserleku ditu PSOEk Hego Euskal Herriari dagokionez, izan ere, 2023ko bozetan, eserleku kopuru berdina lortu zuen lurralde bakoitzean.
Aurreko hauteskundeetan, EAE mailan nahiz Nafarroa mailan PSOE nagusitu zen. Oraingoan, inkesten esanetan, aulki kopuruari eutsiko badio ere, eta konkretuki Nafarroan eta Araban bozkatuena izaten segituko badu ere, nagusitasuna galduko luke EAE mailan. Lurraldekako emaitzei erreparatuz gero, bigarren indarra izango litzateke oraindik Gipuzkoan, baina hirugarrena izatera pasatuko litzateke Bizkaian.
EAJ: behera frenorik gabe, eta lurralde bakar batean ere ez litzateke izango lehen indarra
Bestalde, EAE mailan, hirugarren indarra izango litzake behera doan EAJ, 4 aulkirekin (-1); 1 Arabatik, 2 Bizkaitik eta 1 Gipuzkoatik. Beraz, gaur egun dituztenak baino eserleku bat gutxiago izango lukete jeltzaleek, 5 lortu baitzituzten 2023an; 1 Araban, 2 Bizkaian eta 2 Gipuzkoan. Nabarmentzekoa da Bizkaian EAJk nagusitasuna galtzeko arriskua, foru-hauteskundeetarako hautagaia dela-eta barne-mailan piztutako gatazken ostean.
PP eta UPN: eserleku kopuruari eusten, baina ordezkaritzarik gabe Gipuzkoan
Badirudi PPk eta UPNk aurreko emaitzak mantenduko lituzketela Hego Euskal Herriko aulkiei dagokienez, eta, jeltzaleen modura, 4 eserleku eskuratuko lituzketela guztira (=): 1 Bizkaian, 1 Araban eta 2 Nafarroan. 2023ko bozetan bereizirik aurkeztu ziren PP eta UPN, baina aulki kopuru bera eskuratu zuten Araban eta Bizkaian, eta Nafarroan bana irabazi zuten PPk eta UPNk; hortaz, lau eserleku izan ziren denera, bi alderdien lorpenak batuz gero. Gipuzkoan, ordezkaritzarik lortu gabe jarraituko lukete.
Podemos eta Sumar: guztia galtzear
Litekeena da Podemosek eta Sumarrek etorkizun beltza izatea Hego Euskal Herrian, aipatutako inkestak iragartzen duenez: ez lukete ordezkaritzarik lortuko datozen hauteskundeetan. Bi alderdi horien artean, gaur egun, ordezkari bakar bat daukate Kongresuan Hego Euskal Herri osotik (Sumar taldearen eskutik, Bizkaitik). Deigarria da duela hamar urte eskas, 2016ko bozetan alegia, alderdirik bozkatuena izan zela Podemos Hego Euskal Herrian.
Vox: ordezkaritzarik gabe beste behin ere
Eskuin muturreko Vox alderdiari dagokionez, GAD3-ren inkestak dio berriz egingo duela porrot Hego Euskal Herrian: aurreikuspenek adierazten dute oraingoan ere ez duela ordezkaritzarik lortuko Kongresurako.