AKTUALITATEA / Faxismoa
Militarren eta polizien ia %50ek Vox edo Alvise babesten dute
CISen datuen arabera, bi alderdi horiek jendarte orokorrean baino hiru aldiz babes handiagoa dute Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen artean.
2025eko otsailaren 10
Militarren eta polizien ia %50ek Vox edo Alvise babesten dute

Espainiako Estatuko azken parlamentu-hauteskundeetan, 2024ko ekainean, botoen %14,2 lortu zuten eskuin muturreko Vox eta Se Acabó La Fiesta (SALF) alderdiek biztanleria orokorrean. Voxek botoen %9,6 jaso zituen, eta SALFek %4,6. Hala ere, CISen barometroak 2024ko uztailean, irailean, azaroan eta abenduan eta 2025eko urtarrilean emandako datuek modu argiagoan erakusten dituzte hauteskundeetako emaitzak eta joerak, lan-sektoreka banatuta. Nabarmentzen da, polizien eta militarren artean, %33k babestu zutela Vox eta %14k SALF. Beraz, ia erdira heltzen da eskuin muturreko bi alderdi horiek Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen artean lortutako babesa. PPk, bestalde, botoen %30 jaso zuen sektore horretan, eta hori gehituz gero, %77ra heltzen da hiru alderdi horiek militarren eta polizien artean izandako babesa.

Parlamentuaren beste aldean, ikusten da ezkerrerantz gehien jotzen duen sektorea pentsiodunen sektore zabala dela: %45ek PSOEri eman zioten botoa azkenekoz, beste %5ek Sumarri, %3k Podemosi eta %7k alderdi subiranista periferikoei, besteak beste ERCri, EH Bilduri, BNGri eta CUPi. Hortaz, esan daiteke Espainiako Estatuko pentsiodunen erdiak baino gehiagok babestu zutela ezkerra azken bozetan. Espektro horri emandako babes orokorra %43,1ekoa izan zen.