Festagirok prentsaurreko jendetsu bat egin zuen aurreko ostiralean Lizarrako (Nafarroa) udaletxearen parean, Herri Ihauteriak antolatzeagatik udalak 21.000 euroko isunak ezarri dizkiola salatzeko. "2026ko apirilaren 17an, Festagiro kolektiboak hiru isun jaso zituen udalaren eta udaltzaingoaren aldetik. Guztira, 21.100 euroko isuna jaso zuen inauteri-batzordeak Herri Inauterietako gertakizunengatik", azaldu zuen. Argitu zuen, dena den, "udaltzaingoaren txostenetan deskribatzen diren gertakariak neurriz gainekoak" direla eta "testuingurutik erabat desitxuratuak" daudela. Isunen tamaina ere "neurrigabetzat" jo zuen.
"Herri Inauteriak duela hainbat hamarkadatik hona egiten dira Lizarran, eta gaur egun ehunka pertsonak eta gure herriko eta inguruetako 20 kolektibok baino gehiagok parte hartzen dute", gogorarazi zuen Festagirok: "Ekimen hau gero eta jendetsuagoa izaten ari da, beti ere izpiritu kritikoari, herrikoiari eta auzolanari eutsiz". Horiek horrela, salatu zuen "udaleko gobernu-taldeak bere kabuz hartutako erabaki horrek gure herriko ehun soziokulturalarekiko jarrera autoritario eta errepresiboa agerian uzten" duela.
"UPNk ehun soziala, kolektiboa eta herrikoia suntsitzeko duen obsesioak ez du etenik", seinalatu zuen. Eta horren hainbat erakusle aipatu zituen: "Aurrekontuetan dirulaguntza murrizketak, baimenak ukatzea, isunak, oztopo burokratikoak, isiltasun administratiboa, txosnen debekua, musika-talde bat eta herriko 27 gazte epaitegietara eramatea, gazte bati fisikoki eraso egitea...". Horrexegatik ohartarazi zuen Festagiro "UPNren jopuntuan" dagoela eta hura "ekonomikoki ito" nahian ari dela, oraingoan, "dirulaguntzak kentzearekin mehatxatuz eta Festagirori 21.000 euroko isuna jarriz, guk egin ez ditugun gauzengatik".
"Herri Inauteriek, Txosnek bezala, udalak ordezkatzen duenaren guztiz kontrakoa adierazten dute, eta horregatik zigortuak gara beste behin", ondorioztatu zuten. Hala ere, "herriaren gehiengo handi bat Festagiroren alde" dagoela aldarrikatuz, aurrera egingo dutela jakinarazi zuten. Txosnen aldeko sinadura-bilketa bat daukate martxan gaur egun, eta horretan parte hartzera deitu zuten ostiraleko prentsaurrekoan; baita "UPNk Festagiroren aurka egiten dituen erasoei kolektiboki erantzuten jarraitzera" ere.