AKTUALITATEA / Indarkeria matxista

Labanak hartuta, emakume bati eraso dio bikotekide ohiak Berriozarren

Urruntze-agindua urratu eta emakumeari eraso ondoren, garajeko kamerak kendu eta biktimaren autoaren gurpilak zulatu zituen erasotzaileak. Bere seme adingabea ere bertan zen.
2026eko irailaren 17 - 06:46
Labanak hartuta, emakume bati eraso dio bikotekide ohiak Berriozarren

53 urteko gizonezko bat atxilotu dute Berriozarren (Iruñerria, Nafarroa), kautelazko urruntze-agindua hautsi eta bikotekide ohiari eraso egiteagatik. Joan den astelehenetik astearterako gauean izan ziren gertakariak: biktimaren etxebizitzara joan zen erasotzailea, hainbat laban eskuan hartuta; emakumearen adin txikiko semea ere bertan zegoen. Bizilagunek oihuak eta mehatxuak entzun zituzten etxetik, eta abisua eman zuten.

EITBk gaineratu duenez, biktimaren etxera bertaratu eta eraso egin ondoren, ez zuen lekutik alde egin gizonezkoak. Are gehiago: garajeko segurtasun-kamerak kendu eta emakumearen kotxearen gurpilak zulatu zituen, gainean zeramatzan labanak erabilita. Garajean bertan atxilotu zuten erasotzailea.