Donostiako Udalak (EAJ) udal-ordenantza aldatu nahi du, lokal komertzialak etxebizitza modura erabiltzea errazagoa izan dadin; zenbait hedabideren esanetan, ordenantza aldatzearen inguruko kontsulta publiko bat irekiko du udalak datozen egunetan. Jon Insausti alkatearen arabera, gaur egun lokalak etxe bilakatzeko muga nagusia ondokoa da: espazio bat etxebizitzatzat jotzeko, derrigorrezkoa da, besteak beste, bertarako sarbidea atari pribatu baten barrutik izatea. Horrekin, kanpo geratuko lirateke sarbidea kaletik daukaten behe-solairuko espazioak, lokal komertzial askoren kasuan gertatzen den bezala.
2011n ezarritako ordenantza aldatuz, behe-solairuetako lokalak etxe bilakatu ahal izatea baimendu nahiko lukete. Etxebizitza Behatokiaren arabera, halako ia 5.500 lokal daude Donostian, eta horietatik 860 leudeke hutsik gaur-gaurkoz.
Ordenantza aldatzea "belaunaldi-erronka nagusiari", hau da, etxebizitza-krisiari, aterabide bat emateko neurri gisa saldu du Insaustik. Jarrera hori bat dator Eusko Jaurlaritzak aurten erakutsitako asmoekin, Denis Itxaso (PSOE) buru duen Etxebizitza Sailak udaberri honetan bertan egin baitu kanpaina, lokal komertzialetan bizitzea bultzatuz. Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu zuen, baina, langileriarentzako "bizigarritasun-baldintza okerragoak" indartu besterik ez duela egiten horrek: "Denis Itxasok, hilean 7.500 euro baino gehiago kobratzen duenak, auzoko harategi zaharrean bizitzeko eskatzen dizu".