AKTUALITATEA / Palestina
Irunen jokatutako oztopo-txapelketako txapeldunordea militarra izan zen Israelen
Itay 'Woolf' "komando unitate bateko kide aktiboa izan dela, eta, beraz, Gazako genozidioan aktiboki parte hartu duela" jakinarazi du BDZk. Presio sozialari esker, Israelek ezin izan du txapelketan talde bezala parte hartu, baina bai maila indibidualean.
2026eko ekainaren 2 - 08:42
Irunen jokatutako oztopo-txapelketako txapeldunordea militarra izan zen Israelen

"ItayWoolf, OCRko Europako Txapelketako txapeldunordea Irunen, IDFko komando unitate batean aritu zen. Erantzunak eta ekintzak eskatzen ditugu". Hala adierazi du berriki BDZ mugimenduak, OCR oztopo-lasterketen Europako Txapelketa Irunen (Gipuzkoa) jokatu ondoren. Txapeldunorde israeldarrak armada sionistan jardun zuela egiaztatu ahal izan du BDZk, eta hortaz, "Gazako genozidioan aktiboki parte hartzea" leporatu dio kirolariari.

Maiatzaren 28tik 31ra bitartean izan zen nazioarteko lehiaketa Irunen. BDZ edota Irun Palestinarekin Ekimena (IPE) taldeek egindako presioaren eraginez, azkenean, Israelek ezin izan zuen talde bezala parte hartu. Kirolari israeldarrek, ordea, maila indibidualean lehiatzeko aukera eduki zuten. "Ekitaldiaren antolakuntzak israeldarrek banakako probetan parte hartzea ahalbidetu zuen", gogorarazi du BDZk. Hain zuzen ere, israeldar batek lortu zuen txapeldunordea izatea.

Horren inguruan egon den gardentasun falta seinalatu dute BDZ mugimentutik: "Ikerketa zorrotz bat eskatu genuen, parte-hartzaileen aurrekariak egiaztatzea eta gerra-krimenetan eta giza-eskubideen urraketa sistematikoetan parte hartu duten unitate militarrei lotutako pertsonak gure lurraldean egindako kirol-lehiaketetan ez onartzea eta ez saritzea bermatzeko beharrezko protokoloak aplikatzea. Orain arte, eskaera horietako bat ere ez da aintzat hartu. Ez dugu erantzunik jaso". Horren ondoren egiaztatu ahal izan du BDZk Itay Woolf, behintzat, militar aritu izan dela.

Horiek horrela, hainbat exijentzia egin ditu BDZk: "Itay Woolf-en aurrekari militarrei buruzko berehalako ikerketa independente eta gardena eskatzen dugu; erakundeek (Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, bai eta inplikatutako kirol-federazioek ere) kasu honi buruz jendaurrean hitz egitea eskatzen dugu, eta Irungo Udalak 70.000 euroko laguntza kentzea; gerra-krimenetan eta giza-eskubideen urraketan parte hartu duten unitate militarrei lotutako pertsonek Euskal Herrian kirol-ekitaldietan parte hartzea eragozteko mekanismo eraginkorrak ezartzea eskatzen dugu; diziplina-neurriak hartzea eskatzen dugu, Itay Woolf-ek lortutako emaitzak berrikusteko eta kentzeko aukera barne".