Skip to Content
AKTUALITATEA / Palestina

Ikusle oso gutxi izan dira Baskonia-Hapoel Tel Aviv partidan

Baskoniako zuzendaritzak partida mantentzea eta ikusleak egotea erabaki badu ere, jarraipena oso txikia izan da. Palestinari lotutako ikurrak eramatea ere debekatu du klubak.
2026eko azaroaren 18 - 09:49
Ikusle oso gutxi izan dira Baskonia-Hapoel Tel Aviv partidan
— ARGAZKIA EITB

AKTUALITATEA

Baskoniako zaleen erantzuna argia izan zen, klubeko zuzendaritzaren erabakiaren aurrean: atzo iluntzean, oso ikusle gutxi bertaratu ziren Gasteizko Araba Arenara Hapoel Tel Aviven kontrako partida ikustera. EITBren arabera, "historikoa" izan zen partidak izandako "jarraipen minimoa", eta harmailen zati bat hutsik ikusi zen.

Beste urte batez, talde israeldarren kontrako partidak bertan behera uztearen aldeko eskaera egin zuten Palestinaren aldeko mugimenduak eta hainbat zale-taldek, tartean Indar Baskoniak, baina hitzorduekin aurrera egitea erabaki zuen Baskoniako zuzendaritzak. Iaz, Maccabiren eta Hapoelen partidak ikuslerik gabe joka zitezela erabaki zuen klubak, baina aurten israeldarren presentzia indartzea erabaki du, eta abonatuei partida Araba Arenan ikusteko aukera eman die. Gainera, Palestinari lotutako ikurrak ateratzea debekatu die ikusleei. Horren guztiaren aurrean, zale gutxik erabaki zuten atzo estadiora bertaratzea, eta txikia izan zen jarraipena.

Partidaren aurretik, Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatutako manifestazio jendetsu bat izan zen Gasteizko kaleetan, Hapoelen eta Maccabiren etorrerari ezetz esateko eta Israelen aurpegi zuriketa gaitzesteko. Ehunka lagun mobilizatu ziren Palestinaren askatasunaren alde.