AKTUALITATEA / Errepresioa
Alarma egoera hasi zenetik, ia 600.000 zigor proposamen aurkeztu dituzte polizia indarrek Espainiako Estatuan
Konfinamendua haustea egotzita, 571.807 salaketa jarri dituzte Espainiako Estatuko polizia indarrek. 'Mozal Legea' ezarrita, 601 eurotik 10.400 eurora arteko isunak izango lirateke. Barne Ministerioak irizpideak helarazi dizkie gobernuaren ordezkaritzei, zigorren izapideak egitean jarraitu ditzaten.
2020eko apirilaren 21
Alarma egoera hasi zenetik, ia 600.000 zigor proposamen aurkeztu dituzte polizia indarrek Espainiako Estatuan

Hilabete igaro da Espainiako Gobernuak dekretu bidez alarma egoera ezarri zuenetik. Ordutik, Espainiako Estatuko polizia indar guztien artean, 571.807 zigor proposamen aurkeztu dituzte, salatuak izan diren pertsonei konfinamendua haustea leporatuta. Orain, gobernuaren ordezkaritzek egin beharko dituzte salaketen izapideak, polizia-agirietan ez baitira isunen zenbatekoak zehazten.

Horretarako, orain, gobernuaren ordezkaritzei hainbat irizpide helarazi dizkie Barne Ministerioak, zigorrak ebatzi ditzaten. Hala, eta Mozal Legea delakoa ezarrita, 601 euroko isuna izango litzateke "baimenik gabeko lekualdatzea", esaterako. Gainera, zenbatekoak gora egingo du "jarrera desegokia" izan badute salatutako pertsonek: 2.000 eurokoa izan daiteke isuna "gutxiespena" egon bada, 3.000 eurokoa "larderia" egon bada "baina arau-hauste penalik gabe", eta 10.400 eurorainokoa "biolentzia edo mehatxua" hautemanez gero.

Bestalde, poliziek atzemandako pertsonak identifikatzerako orduan "oztopoak" jarri baditu, 700 euroko isuna jartzea iradokitzen du Barne Ministerioak. Zenbatekoa 1.500 eurorainokoa izan daiteke pertsona horrek "identifikazioa ekiditeko edo zailtzeko apropos jokatzen" badu.

Zigorrak ezartzeko Kode Penalera jotzea ere posible da, kartzela zigor eskaerak egiteko.