AKTUALITATEA / Faxismoa

Quilesen bigarren porrota Iruñean, erantzun antifaxistari esker

18:00etan egin behar zuen agerraldia Yamaguchin, baina Poliziak antifaxisten kontra kargatu eta ia ordubete igaro arte, ez da ausartu jende aurrera agertzera: hainbat segunduz baino ez du hitz egin. Gutxienez pertsona bat zauritu du larriki Poliziak.
2026eko urriaren 15 - 17:38
Quilesen bigarren porrota Iruñean, erantzun antifaxistari esker

Vito Quiles probokatzaile faxistak berriz egin du porrot Iruñean. Hilabete honen hasieran jakinarazi zuen, harrokeriaz, gaur Nafarroako hiriburura joango zela, agerraldi baten bidez bere diskurtso faxista zabaltzeko. Iragarpen horren harira, ordea, mobilizazio antifaxistaz beteriko arratsaldea izan da Iruñean, eta erantzun hori dela-eta, hainbat segundu iraun duen ekitaldi bat baino ez du egin Quilesek.

Hainbat mobilizazio izan dira arratsaldean zehar: 17:00etan, Faxismoaren aurrean, klase batasuna lelopean izan da manifestazio erraldoi bat Alde Zaharrean (17:45ean amaitu da San Frantziskon); eta 17:30ean, Gaztelu Plazan izan da faxismoari ezetz esateko elkarretaratze bat. Berez, bertan egin nahi zuen bere ekitaldia Quilesek.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak egindako aldaketak tarteko, Vitok Yamaguchin egin behar zuen agerraldia gaurkoan, 18:00etan. Ordurako, baina, jende ugari hurbildu da plaza horretara, Quilesi adierazteko ez dela ongi etorria, eta ez zegoen bere arrastorik. Espainiako Poliziak erabat harturik zeukan ingurua jada.

Tentsio-une larriak izan dira 18:00etatik aurrera Yamaguchin. Quiles babesteko bertaratu dira dozenaka faxista, eta jendearen aurka oldartzen hasi dira; eta Espainiako Poliziak ere antifaxisten aurkako kargei ekin die. Behin baino gehiagotan egin ditu erasoak, foam balak eta gas negar-eragilea erabiliz, eta pertsona bat, gutxienez, larriki zauritu du. Buruan zauritu dute poliziek, konortea galduaraziz.

Nahasmendu horren erdian, Poliziak antifaxisten aurka gogor kargatu eta ia ordubete pasatu denean, Quiles agertu da plazan. Ordura arte ez da ausartu. Faxista gutxi batzuen eta hainbat komunikabideren aurrean egin du hitz-hartze labur bat, eta berehala egin du alde horren ondoren. Beste behin ere, beraz, probokatzailearen agerraldia zapuztu du Iruñean izan den erantzun antifaxistak.

Duela urtebete ere Iruñean ekitaldi bat egiten saiatu zen Quiles, unibertsitateetan egiten ari zen biraren barruan: Opusen unibertsitatea aukeratu zuen horretarako agertoki modura. Dena den, orduan ere ehunka eta ehunka lagun mobilizatu ziren bere mezu faxistei ezetz esateko, eta ez zuen jende aurrera agertzeko ausardiarik izan.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2110761865470959937