AKTUALITATEA / Palestina
Gose-grebari ekingo diote flotillako lau kidek Iruñean eta Bilbon
Nazioartean zabaldutako deialdiarekin bat eginez, Saif Abukeshek eta Thiago de Avila aske utz ditzatela exijitzen dute, baita Israelek preso dituen 9.000 palestinarrak aska ditzatela ere.
2026eko maiatzaren 9 - 11:08
Gose-grebari ekingo diote flotillako lau kidek Iruñean eta Bilbon

Gaur, arratsaldeko 14:00etan, gose-greba hasiko dute Global Sumud Flotillaren azken misioan parte hartu duten lau euskal herritarrek. Bina pertsonak egingo dute baraualdia Iruñean eta Bilbon, Israelek misio humanitarioa blokeatzean preso hartutako bi kideak (Saif Abukeshek eta Thiago de Avila) aske utz ditzatela exijitzeko. Estatu sionistak preso dituen 9.000 palestinarren askatasuna ere aldarrikatzen dute, haietatik 400 inguru adin txikikoak direla gogoraraziz.

Nazioartean hedatu da Saif eta Thiagoren askatasuna erreibindikatzeko gose-greba deialdia, eta horrekin egin dute bat Euskal Herrian baraualdiari ekingo dioten lau kideek. Iruñean egindako agerraldian azaldu dutenez, bi helburu nagusi ditu gose-grebak: Saif eta Thiago aske gera daitezela exijitzea, eta indar sionistek Global Sumud Flotillari egindako eraso bortitza salatzea. "Egin ditzagun ahalegin guztiak gizarte mailan, estatuek ez baitute egin beharrekoa egiten", ohartarazi dute gose-grebalariek.

Frantzian, Hegoafrikan, Aljerian, Alemanian, Irlandan, Brasilen eta beste hainbat lekutan hasi dira jada gose-grebak. Euskal Herritik gaurkoan seinalatu dute estatu sionistak birritan luzatu diela atxiloaldia Saifi eta Thiagori, eta akusazio larriak egin dituela bien kontra. Inkomunikatuta dituzte oraindik, baina egunak daramatzate gose-greban, protesta modura; Saifek egarri-grebari ere ekin zion duela hiru egun. Bestalde, apirilaren 29an Global Sumud Flotillak jasandako erasoa ekarri dute gogora grebalariek, hura gaitzesteko: "Nazioarteko uretan eta okupatutako bere kostaldetik 700 mila nautikora 22 ontzi bahitu eta 177 lagun atxilotuta eraman zituzten, jipoituz eta tratu txarrak emanez". Greziako Gobernuak operazioan konplizitate osoz parte hartu zuela salatu dute, eta Israelen aurkako neurriak eskatu dituzte, "nazioarteko legedia ez errespetatzea eta giza-eskubide urraketa" leporatuta.