Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) Gazte Topagune Sozialistaren hurrengo edizioaren berri eman zuten ekainean. Aurtengoa 6. edizioa izango da jada, eta urriaren 9tik 12ra egingo dute Elizondon, Dagoena onartu ala borrokara batu lelopean.
Honakoan ere, egitarau zabal eta parte-hartzailea antolatu dute Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek, eta, ohi bezala, hitzaldiek izango dute zentralitatea. Udan zehar, egitaraua aurreratu dute pixkanaka: estatuen autoritarismoaz eta faxismoaz, aktualitate politikoaz eta Mugimendu Sozialistaren erronkez, nazio-auziaz, ezkerkeriaz, etxebizitza-problematikaz, gazte-antolakunde sozialisten erronkez, makroproiektuez eta lurraren defentsaz, arteaz eta sozialismoaz eta emakume langileen borrokaz hausnartuko dute Topagunean, besteak beste.
Horrez gain, aisialdirako eskaintza zabala ere izango dute bertan, ikuskizunekin eta musika-emanaldiekin esaterako. Aurtengo edizioan parte hartuko dute, besteak beste, Bengo, Skabidean, Tapia eta Leturia, 42820, J Martina, Asier K eta Antton Telleriak.
Esan bezala, Dagoena onartu ala borrokara batu leloa jarri diote aurtengoari. Izan ere, azaldu dute "ingurura begiratuta faxismoaren gorakada, antifaxismoaren kriminalizazioa, eskubide politikoen atzerakada, ideia matxisten hedatzea eta gazteriaren bizimodu prekarioa" nabarmentzen direla, eta "enpresariek eta agintariek inposatutako egunerokoa" dela hori. Dena den, "gazte langileak ez gaude dagoena onartzeko prest", IAS eta GKSk aldarrikatu dutenez. Horiek horrela, sozialismoaren aldeko borrokara batzeko eta Gazte Topagune Sozialistan parte hartzeko deia luzatu diote Euskal Herriko gazteriari.