AKTUALITATEA / Autoritarismoa

Frantziako Gobernua hasi da mobilizazioetako zenbait eskakizun onartzen, berme gabe bada ere

Besteak beste, Parcoursup plataforma ordezkatzea, azpiegitura berritzea edo lanpostu gehiago sortzea zin egin du Macronek. Dena dela, hauteskunde presidentzialak sei hilabete barru direnez, ez dago aldaketetarako bermerik. Bestela, joan den asteburuan, Poliziak gutxienez 29 lagun larri zauritu zituela jakin da.
2026eko urriaren 27 - 13:56
Frantziako Gobernua hasi da mobilizazioetako zenbait eskakizun onartzen, berme gabe bada ere
— ARGAZKIA Sébastien Lecornu (X)

AKTUALITATEA

Hilabete baino gehiago da ikasleen eta langileen protestak orokortu zirela eta Frantziako Estatua jopuntuan jarri dutela. Hala, egoerak bultzatuta, Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidentea eta Sébastien Lecornu lehen ministroaren gobernua manifestarien zenbait eskakizun onartzen hasi dira. Izan ere, atzo goizean, Lecornu bigarren hezkuntzako nahiz unibertsitateetako ikasleen ordezkariekin bildu zen. Bilera bukatu ahala, prentsaurrean agerraldia egin zuen Macronek, eta ikasleen haserrea baretzeko asmoz zenbait neurri iragarri zituen.

Neurri horien artean, esan dute Parcoursup goi-mailako ikasketetara sarbidea izateko plataforma "ordezkatuko" dutela 2028an, baina ez baliogabetu. Hezkuntza-eragileek hainbatetan salatu dute baliabide hori gardena ez dela, datuen babes-politika betetzen ez dela, eta horren bidez hezkuntzako agintaritzek errolda-irizpideak erabiltzen dituztela goi-mailako ikasketetarako ikasleria hautatzeko. Bestela, honako neurri hauek ere aipatu dituzte: 2028rako, lizeo guztietan gehienezko ikasle-ratioak jaistea, 28 kideraino; azpiegitura zaharberritzeko 5.000 milioi euro inbertitzea; hezkuntza-sistema publikoan 15.000 irakaskuntza-lanpostu berri sortzea; bigarren hezkuntzan 800 lanpostu suntsitu dituzte berriki, eta erabaki hori baliogabetzea; ikasle nahiz irakasleek eguerdian bazkaltzeko ordubeteko atsedena izatea; notek ikasleengan duten presioa jaisteko asmoz, ikasturtero lizeoko azken urteko ikasleek kalifikazioen errebisiorako eskubidea izan dezatela bigarren ebaluazioan zehar; eta urte honetatik bertatik aurrera, ikasteko diru-laguntzen zenbatekoa inflazioaren arabera igotzea.

Neurriok kaleko mobilizazioen eta borroka prozesuen ondoriozkoak badira ere, iragarpena heldu ahala hainbat hutsune agerian gelditu dira. Izan ere, ikasleen zenbait eskakizun partzialki asebetetzeko ahalegina egin duten arren, ez dute langileen eta sindikatuen eskakizunentzat konponbide bakar bat ere iragarri. Horrez gain, bada neurri horiek inolako bermerik ez dutela sinesteko beste arrazoi bat: Frantziako hauteskunde presidentzialak sei hilabete barru direla kontuan hartuz gero, badirudi prentsaurrekoak gehiago duela hauteskunde-propagandatik egoera konpontzeko nahitik baino. Are, atzo bertan, Macronek larunbatekoa "erabateko porrota" izan zela adierazi zuen.

Lecornurekin Les Lyceens! eta Renouveau lycéen eragileetako ordezkariak bildu ziren, eta neurri-propsosamenek ez dituzte asebete: promestutako aldaketok nahikoa ez direla adierazi zuten, eta mobilizazioei eusteko dei egin. Izan ere, datorren larunbaterako, hilaren 31rako, Hirugarren Ekinaldia deituriko mobilizazioak ari dira antolatzen ikasle-mugimendua eta Jaka Horiena. Bigarren Ekinaldiko mobilizazioak lehenengokoak baino lasaiagoak izan zirela esan arren, Macronek dagoeneko iragarri du ez dutela hiriguneetako erdialdean manifestaziorik onartuko, eta hirien aldirietan bakarrik baimenduko dituztela elkarretaratzeak eta manifestazioak.

Larri zauritutako ia 30 manifestari

Pixkanaka-pixkanaka, argituz doa zein kalte eragin dizkieten polizia-agenteek manifestariei. Laurent Thines mediku eta militantearen arabera (protestaldietan kaleko-mediku gisa aritu da), Frantziako Estatu osoan barrena zortzi lagunek begi bateko ikusmena galdu dute, bostek eskuetako hatzak edo mugikortasuna, hiru lagunek garuneko traumatismo larriak pairatu dituzte, eta beste hamaseiri mutilazio bat edo beste egin behar izan diete. Joan den asteburuko protestetan, beraz, Poliziak gutxienez 29 pertsona zauritu zituen larriki, Laurent Nuñez Barne ministroak "oro har mobilizazio lasaiak" izan zirela adierazi bazuen ere.