AKTUALITATEA / Errepresioa

Foruzaingoak ez du "ezer" topatu ustezko armen biltegiaren koordenatuetan

Irunen atxilotutako bi pertsonei arman-biltegi bati buruzko informazioa aurkitu omen zieten kontrolean, baina momentuz ez dago horren inguruko ebidentziarik. "Ez dago frogarik", dio espetxeratutako bi euskal herritarren defentsak.
2026eko urriaren 26 - 09:06
Foruzaingoak ez du "ezer" topatu ustezko armen biltegiaren koordenatuetan

AKTUALITATEA

Espainiako Auzitegi Nazionalak bi euskal herritar kartzelaratu berri ditu, besteak beste, "armen biltegiratzea" egotzita, baina momentuz ez dago delitu horren inguruko ebidentzi argirik mahai gainean. Izan ere, bertsio polizialaren arabera, Eskoriatzan egindako kontrol batean "armen biltegi" bati buruzko informazioa aurkitu zien Ertzaintzak bi pertsona horiei. Berriki, ordea, hainbat komunikabidek jakinarazi dute Urbasan miaketak egin dituela Foruzaingoak, ustezko arma-biltegi horren koordenadetan, baina ez duela "ezer" aurkitu.

Auzitegi Nazionalak, Foruzaingoak eta Ertzaintzak elkarlanean egindako operazio bat izan da, emaitza zalantzagarriekin: Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak aitortu du ez dutela aurkikuntzarik egin. Noticias de Navarra-k galdekatu dituen iturri polizialen arabera, "ez zegoen ezer" bertan.

Ertzaintzak irailaren erdialdean gelditu zituen bi euskal herritarrak kontrol batean, eta "material delikatua" topatu omen zieten, tartean, "armen eta lehergailuen" ustezko gordeleku bati buruzko informazioa (koordenatuak, suposatzen da) eta hainbat polizia-agenteren inguruko informazioa. Bi pertsona horiek handik hiru astera aurkeztu ziren Ertzaintzaren Irungo komisarian, eta atxilotu egin zituzten bertan: Madrilera eraman ostean, haiek espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionaleko epaile batek, "armen biltegiratzea" eta "talde terrorista" bateko kide izatea leporatuta besteak beste. Oraingoz, ordea, ez dute delitu horiek sostengatzeko ebidentzia garbirik eman argitara.

Preso dauden bi pertsonen defentsak behin eta berriz azaldu du ez dagoela euren kontrako frogarik. "Erabili nahi dituzten zantzu edo ustezko froga bakarrak Euskal Herrian dauden desobedientzia-dinamika publiko eta politikoetako eta borroka politikoko dinamiken jarduera zilegiak dira, eta horixe erabiltzen ari dira, hain zuzen ere", adierazi du Aratz Estonba abokatuak prentsaurrean. Gaineratu du infiltrazio polizial posible batzuk ikertzen ari zela atxilotuetako bat, eta horregatik zeukala informazio eta material "delikatu" hori guztia.