Gazte Topagune (TPGN) Sozialistarako hiru aste baino falta ez direnean, Elizondon (Nafarroa) bertan egin dute agerraldi bat Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), momentuko testuinguruaren analisi bat plazaratzeko eta aurtengo Topaguneak egingo duen ekarpenari buruz hitz egiteko. Besteak beste, faxismoa eta estatu-autoritarismoa salatzeko manifestazio bat egingo dute bertan.
"Autoritarismoaren gorakada betean aurkitzen gara eta azken aste nahiz hilabeteek egoera are gehiago larriagotu dute", seinalatu dute: "Estatuen autoritarismoaren eskutik, Poliziaren bortizkeria inpunitate osoz areagotzen ari da gazte langileon aurka. Ikusi besterik ez dago Santurtziko gazte baten heriotza eragin zuen interbentzio polizialaren irudiek erakusten duten inpunitate eta bortizkeria maila, eta, aurreko astean bertan, festa-testuinguruan, pankarta bat zabaltzeagatik Hondarribiko gazte batzuen aurka izandako jazarpen poliziala".
Estatu gero eta autoritarioagoak
IAS eta GKSk seinalatu dutenez, "eskubide politiko zein zibiletan atzeraka goaz, eta mugimendu sozial nahiz antifaxisten aurkako kriminalizazio-kanpaina erraldoiak ari gara jasaten denbora luzez alderdi politiko nahiz komunikabideen partetik". Azaldu dute, dena den, "mundu-mailako joera orokor baten baitan kokatzen" dutela hori guztia. "Gero eta estatu autoritarioagoak ezartzen ari dira, eskubide politiko nahiz sozialak ezabatuko dituen legedia erreformatzen, Polizia inpunitatez eta armaz hornitzen, eta estatuak militarizatzen. Europa guztiko estatuak biraketa horren parte dira", jarraitu dute. Horiek horrela, ezinbestekotzat jo dute "langile-klaseak atzerapausorik ez ematea" eta "eskubide horien defentsan klase-batasuna eraikitzea".
Faxismoa indarra hartzen
Bitartean, gainera, faxismoa mundu osoan hedatzen ari dela salatu dute gazteek. "Adibide argiena alderdi politiko faxisten gorakada da, izan Alemanian AfD alderdi faxistak lortutako emaitzetan, Polonian, Frantzian, edo Espainiako Estatuan". Hala ere, berriz nabarmendu dute "eremu parlamentariotik haratago" doala faxismoa, "ideologikoki eragiteko gaitasuna irabazten" eta "kale-mailako presentzia handitzen nahiz normalizatzen" ari delako.
"Euskal Herrian ere ez gaude testuinguru horretatik salbu", nabarmendu dute gainera, "espainolismoaren normalizazioa", "faxismoa etorkinen aurka zabaltzen ari den marko arrazistaren indartzea" eta "aderdi politiko guztien eskuineranzko joera" aipatuz. "Horri guztiari euskararen aurkako oldarraldia ere gehitu behar zaio, Selektibitateko noten auzitik hasi eta esparru ezberdinetara zabaltzen ari dena", gehitu dute.

Manifestazioa Topagunean, urriaren 11n
GKS eta IASek beharrezkotzat dute "estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egitea", iritzita "sozialismoaren bidean indarrak batzeko" eta "gazte langileok pauso bat aurrera emateko" unea dela. Aldarrikapen horiek izango ditu erdigunean Gazte Topagune Sozialistak, eta, egitarauaren barruan, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren kontrako manifestazio bat egingo dute urriaren 11n, igandean, 17:30ean.
"Sozialismoaren aldeko norabideari ekarpena egiteko antolatu dugu Gazte Topagune Sozialista", xehatu dute. Hala, hiru helburu nagusi azpimarratu dituzte: batetik, "kapitalismoaren egungo fasearen azterketa egin eta gazte langileok ditugun borroka-ildoez hitz egitea"; bestetik, "faxismoari aurre egiteko prest gaudela erakustea, milaka garelako Euskal Herrian autoritarismoari eta faxismoari aurre egiten ari garen gazte langileak"; eta, azkenik, "sozialismoaren aldeko borrokara batzeko mezu bat zabaltzea, bai Euskal Herriko gazteei, baita nazioartean ere".
Egitarau zabala Elizondon, eta ehunka aurkezpen asteotan
Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek, hala, dei egin diete "Euskal Herriko gazte guztiei urriaren 9tik 12ra Elizondora bertaratzera". Topagunea aurkezteko ehunka saio egingo dituzte aste hauetan, Euskal Herriko 116 hezigunetan eta 109 herri edo auzotan hain justu.
"Aldarrikapenerako espazioa izatetik harago doan ekimena da Topagunea", zehaztu dute: "Aktualitateari nahiz gazte langileok egunerokoan bizi ditugun problematikei sakontasunez heltzeko hitzaldiak antolatu ditugu; faxismoari aurre egiteko taktika antifaxistaz, autoritarismoaren gorakada garaietan Mugimendu Sozialistaren egitekoez, krisi ekologikoaz, etxebizitzaren problematikaz, sexu-industriaz, nazio-auziaz eta ezkerkeriaz ariko gara, besteak beste, gai horiek guztiak ikuspegi sozialistatik jorratzeko". Horrez gain, "aldarrikapenerako uneak" ere izango dira egun horietan zehar, igandeko manifestazioa eta ekitaldi politikoa edo urriaren 12ko hitz-hartzea kasu. Kirola egiteko uneak, ikuskizunak eta arte nahiz musika eskaintza zabala ere prestatu dituzte, Euskal Herri osoko hamaika artistaren parte-hartzearekin.