Skip to Content
AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Familia bat etxegabetu dute Bilbon, tartean bi adingabe

Kordoi polizial baten bidez, familiari babesa ematea galarazi diete protestan ari ziren pertsonei. Aurrez, bi aldiz geratu zuen etxegabetzea AZETek.
2026eko azaroaren 18 - 14:46
Familia bat etxegabetu dute Bilbon, tartean bi adingabe
— ARGAZKIA AZET

AKTUALITATEA

Gaur goizean, beste familia bat etxegabetu dute Bilbon, Santutxu auzoan hain zuzen ere. AZET etxebizitza-sindikatuak azaldu duenez, gaurkoa zen etxe-kaleratzea gauzatzeko hirugarren saiakera, aurrez, birritan gelditu baitzuten desalojoa mobilizazioari esker. Honakoan, baina, etxegabetzea gauzatu dute segizio judizialak eta polizia-indarrek, familia bat kalean utziz; tartean, adin txikiko bi pertsona.

Goizeko 08:30 alderako, hasita zegoen desalojoaren kontrako protesta, baina kordoi polizial bat osatu eta manifestariei atarira hurbiltzea galarazi die Ertzaintzak. Horiek horrela, ez diete utzi arriskuan zegoen familiari babesa ematen.

09:30 baino lehen bertaratu dira segizio judiziala eta sarrailagile bat, eta desalojoa burutu dute. AZETek salatu du, oraingoan ere, Bilboko Udalak (EAJ-PSOE) ez diola bizitoki-alternatibarik bermatu kaleratutako familiari.