Skip to Content
AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

Amara Berrin etxegabetze bat geratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Familia bat etxetik bota nahi zuten gaur goizean, baina etxegabetzearen aurka mobilizatu da Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista: kordoi poliziala atzera botatzea eta desalojoa gelditzea lortu dute manifestariek.
2026eko azaroaren 24 - 07:53
Amara Berrin etxegabetze bat geratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

AKTUALITATEA

Kalean geratzeko arriskuan dago familia bat Donostian, adin txikiko bi pertsona tarteko: gaurko zegoen ezarrita euren aurkako kaleratze-agindua, goizeko 09:30erako hain zuzen ere. Hala ere, etxegabetzearen kontra mobilizatu da Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, eta, gaurkoz, desalojoa geratzea lortu du.

Amara Berri auzoko pisu batean bizi da familia, eta sindikatuak jakinarazi duenez, ez zekiten euren kontrako kaleratze-prozesu bat martxan zegoenik, desalojo-agindua jaso zuten arte. Sindikatuak atzo eman zuen egoeraren berri, eta etxegabetzeari aurre egitera deitu zuen: 08:30ean Isabel II hiribideko 21. zenbakira bertaratzeko deia zabaldu zuen. Horiek horrela, ordu horretarako, hainbat eta hainbat pertsona zeuden bertan, etxea galtzear dagoen familiari babesa emateko prest. Ertzaintza ere lehen orduan bertaratu da.

Etxegabetzeen eta horiek gauzatzen dituen Poliziaren aurkako oihu artean, gogor egin dute protesta manifestariek, eta presio horri esker, lortu dute ertzainen kordoi polizialak atzera egitea. Ertzainak borra-kolpeka oldartu diren arren, tinko mantendu eta familiaren etxeko atariaren aurrean jarri ahal izan dira protestan ari ziren pertsonak, hura gertutik babesteko. Azkenean, alde egitea erabaki dute ertzainek, eta gaurkoz, badirudi etxegabetzea bertan behera geratu dela.