Bilboko (Bizkaia) Iñigo Cabacas plazan eraso faxista bat izan zen aurreko ostegunetik ostiralerako gauean, Iñigo Cabacas Herri Harmailak salatu zuenez. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus zitekeen Cabacasen omenezko plaka margotu eta hari jarritako loreak kendu zituztela, eta Joseba Asensio Kirruli-ren oroimenezko plaka ere margotu egin zutela. Horrez gain, Kirruliren izena daraman Herriko tabernan kalteak eragin zituzten: leihoetako bat hautsi eta pertsianan pintaketak egin zituzten.
Iñigo Cabacas Ertzaintzak erail zuen 2012an, gaur egun bere izenez ezagutzen den plazan bertan zauritu baitzuen: apirilaren 5ean, Athleticen partida baten ondoren, inguru horretan kargatu zuten ertzainek, eta pilotakada batekin jota buruan zauritu zuten Iñigo. Handik egun gutxira hil zen ospitalean; 28 urte zituen. Hainbat mugimendutako eta ETAko militante izandako Kirrulik, berriz, 1986an galdu zuen bizia Herrera de la Manchako kartzelan, tuberkulosiak jota. 27 urte zituen.