AKTUALITATEA / Palestina

EHUk CAFekin zeukan enpresa-gela ixtea lortu du Palestinaren aldeko komunitateak

IASk eman du berria, baina ohartarazi du "enpresa genozida" gehiagorekin mantentzen dituela harremanak EHUk, ITP Aerorekin eta Senerrekin kasu.
2026eko urriaren 8 - 10:01
EHUk CAFekin zeukan enpresa-gela ixtea lortu du Palestinaren aldeko komunitateak
IASk deitutako ikasle-greba bat, Palestinaren alde.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Israelekin dituen loturen barruan, Goierriko CAF enpresarekin eraikitako harremanak seinalatu izan ditu maiz unibertsitate-komunitateak. Hala ere, egindako borrokari esker, lorpen bat egin du Palestinaren aldeko komunitateak: EHUk CAFekin batera Bilbon (Bizkaia) zeukan enpresa-gela ixtea lortu du, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) oraintsu jakinarazi duenez.

"Unibertsitatea enpresen interesetara antolatuta dago", seinalatu du IASk, eta horren adibide garbitzat jo ditu EHUk "genozidioaren eta gerra inperialistaren konplizeekin dituen harremanak". EHU-Palestina ekimenetik, hala, 4.000 sinadura lortu dituzte, CAFekin harreman oro eten dadila eskatzeko. Eta badirudi presio horrek fruituak eman dituela jada: unibertsitateak akordio bat zeukan CAFekin, Bizkaiko campusean enpresa-gela bat edukitzeko elkarlanean, baina ituna ez berritzea erabaki du errektoretzak. "Borrokak merezi du", aldarrikatu du IASk.

Dena den, gogorarazi du unibertsitateak enpresen interesen arabera funtzionatzen segitzen duen bitartean bere horretan jarraituko duela arazoak: CAFez gain, armagintzan bete-betean sartuta dauden ITP Aero edo Sener enpresekin ditu harremanak EHUk, esaterako. Horiek horrela, "enpresa genozidak unibertsitatetik kanpo" uzteko asmoz, antolatzen jarraituko dutela dio ikasle-antolakundeak.