AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Bilbon bere bikotekidea erretzen saiatu zen gizonak beste emakume bat autoarekin harrapatu zuen urtarrilean
Bikotekidearen laguna harrapatu zuen autoarekin Areatzan, eta larriki zauritu zuen. Neska lagunak, gainera, larri jarraitzen du ospitalean; gizonak apirilaren 30ean eman zion su bizitoki modura erabiltzen zuten lokalari.
2022ko ekainaren 16
Bilbon bere bikotekidea erretzen saiatu zen gizonak beste emakume bat autoarekin harrapatu zuen urtarrilean

Aurreko astean jakinarazi zutenez, apirilaren 30ean, emakume bat erailtzen saiatu zen bere mutil laguna Bilboko (Bizkaia) Atxuri auzoan. Bikoteak eta emakumearen alabak bizitoki modura erabiltzen zuten lokalari su eman zion gizonak, gauez, eta larriki zauritu zuen emakumea; Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) ospitaleratu zuten erredurekin, eta han jarraitzen du oraindik, larri.

Atxilotu eta kartzelaratu egin zuten 36 urteko erasotzailea, eta berriki azaldu dute, gainera, apirilekoa ez zela egin zuen aurreneko erasoa izan. Joan den urtarrilean, neska lagunaren lagun bat harrapatu zuen autoarekin Areatzan. Zauri larriak eragin zizkion modu horretan, eta hainbat ebakuntza egin behar izan zizkioten zauritutako emakumeari.