Saif Abukeshek eta Thiago de Avila libre utzi behar izan ditu azkenean Israelek, euren askatasunaren aldeko aldarriak nazioartean sekulako indarra lortu ostean. Global Sumud Flotillak atzo eman zuen berri ona, eta "elkartasunaren garaipen" modura aldarrikatu zuen bi militanteak aske geratu izana: "Beste behin ere, mundu osoko pertsonak altxatu dira bidegabekeria nabarmen horren aurka, eta presio publikoa, politikoa eta diplomatikoa eragin dute haien askapena eskatzeko". Brasilgoa da Thiago eta Katalunian bizi da Saif, jatorri palestinarrekoa; Bartzelonako aireportura iristekoa zela jakinarazi zuten atzo hainbat iturrik.
Atenasera iritsi bezain pronto grabatutako bideoan, estatu sionistak preso dituen milaka palestinarren askapenaren alde mobilizatzen jarraitzera deitu zuen Saifek: "Atzean utzi ditut milaka preso palestinar, haurrak, emakumeak eta gizonak; seguru nago jasan behar izan dudan trataera ez dela ezer haiek pairatzen ari diren sufrimenduarekin alderatuta; eguneroko oinarri gisa haien torturari buruz, haien bortxaketari buruz entzuten ditugun lekukotzak. Mobilizatzen segitu behar ditugu. Ezin ditugu ahaztu palestinar presoak".
Global Sumud Flotilla apirilaren 15ean atera zen Bartzelonatik, eta apirilaren 29an blokeatu zuten militar sionistek, 180 aktibista inguru atxilotuz. Gehienak handik bi egunera askatu zituzten, Israelek eta Greziak elkarlanean egindako operazioan, baina Saif eta Thiago Palestina okupatuta eraman zituzten preso, euren kontrako akusazio larriak eginda. Soldadu israeldarren eskuetan jasan dituzten torturak salatu ditu flotillak, eta nazioartean hedatu da bi atxilotuak aske uztearen aldeko oihua.
Atxiloaldian gose-greban egon dira bai Saif bai Thiago, aske utz zitzatela exijitzeko, eta mundu-mailan ere berdina egin dute ontzidiko hainbat eta hainbat kidek: dozenaka pertsonak gose-grebara jo zuten Frantzian, Hegoafrikan, Aljerian, Alemanian, Irlandan, Brasilen... Baita Euskal Herrian ere: misio humanitarioaren parte izan diren lau kidek larunbat arratsaldean hasi zuten gose-greba Iruñean eta Bilbon, Saif, Thiago eta 9.000 preso palestinarrak gogoan. Israelek Abukeshek eta de Avila askatu zituela jakitean eman dute amaitutzat protesta; Global Sumud Flotillak azaldu duenez, dena den, borrokan jarraituko dute Israeli presioa eginez, bahiturik dituen milaka preso palestinarrak aska ditzala exijitzeko.