Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

19 urteko gazte bat atxilotu dute Arrigorriagan, Bilbon urriaren 26an izandako liskarren harira

Badirudi 28 urteko beste gizon bat ere ikertzen ari direla arratsalde berean izandako gertakariengatik. 20 bat pertsona atxilotu zituzten orduan.
2026eko azaroaren 18 - 11:03
19 urteko gazte bat atxilotu dute Arrigorriagan, Bilbon urriaren 26an izandako liskarren harira

AKTUALITATEA

Atzo arratsaldean, 19 urteko gizonezko gazte bat atxilotu zuten Arrigorriagan. Berria-ren arabera, urriaren 26an Bilbon izandako gertakariengatik atzeman zuten: badirudi "desordena publikoa" eragitea egozten diotela.

Egun horretan, arratsaldez, istiluak izan ziren erdiguneko hainbat kaletan, Agirre Lehendakariaren etorbidean nagusiki. Kalte material batzuk eragin zituzten hainbat pertsonak, eta zenbait orduz luzatu ziren liskarrak.  Egunkari berdinean seinalatu dutenez, badirudi bigarren pertsona bat ere badagoela ikerketapean gertakari berdinengatik. 28 urte omen ditu.

Urriaren 26an bertan, 20 bat pertsona atxilotu zituzten liskarren harira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan. Istiluen aurretik, Vito Quiles probokatzaile faxistaren presentzia salatzeko mobilizazio batzuk izan ziren Bilbon, eta protesta antifaxistak seinalatzeko eta kriminalizatzeko baliatu zituen gertakariak Bingen Zupiria sailburuak.