ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / DPA/Picture Alliance
2024/09/30 07:36

Terrorismoa hedatzen jarraitzen du Israelgo Estatu sionistak, mehatxuak egiten jarraitzen duten bitartean: "Mezu bat daukat Teherango [Iran] tiranoentzat: eraso egiten badigute, eraso egingo diegu. Iranen ez dago lekurik Israelen beso luzeak harrapatu ezin duenik, eta horrek Ekialde Hurbil osorako balio du". Iranen erantzun posible baten aurrean egin ditu adierazpenok Benjamin Netanhayu lehen ministro sionistak.

Gazako Zerrendan eta Zisjorsanian iazko urrian biziagotu zituen palestinarren kontrako erasoak Israelgo Estatuak. Libanon duela bi aste jo zuen oldarraldira, gailu elektronikoen bidezko ekintza koordinatu baten bidez lehenengo, eta bonbardaketa masiboen bidez gero. Yemenen, berriz, duela ordu gutxi berrekin dio erasoari: indar militar sionistek atzo arratsaldean hasi zituzten Yemenen kontrako bonbardaketak.

Besteak beste, Yemengo bi portu-hiritan egin zuten eraso, argudiatuta "erregimen huthiak helburu militarrekin erabilitako lekuak" zirela. Gutxienez lau pertsona erail dituzte erasoan (portuko langile bat eta hiru elektrikari), eta 30 inguru dira zaurituak.

Azken hilabetean, Yemengo Ansarullah mugimenduak hainbat eraso egin ditu Israelgo Estatuaren kontra, itxura denez, misil balistikoak erabilita. Aurretik ere oldartu dira yemendarren kontra sionisten Mendebaldeko aliatuak, hainbat operazio militarren bidez. Horretarako argudio modura erabili izan dituzte Ansarullahk hainbat ontziren kontra egindako erasoak, tartean, sionisten menpeko ontziak.

Gutxienez 1.000 hildako Libanon, tartean Hezbollahko zenbait buru

Libanon, bestalde, ofentsiba militarrari eusten diote sionistek: 1.000 libanoar inguru erail eta 6.000 inguru zauritu dituzte azken bi asteetan. Israelgo Estatuak bonbardaketa kriminalak mantentzen ditu herrialde osoan barrena, eta gero eta baliabide militar gehiago mobilizatzen ari da iparraldeko mugara, Libano hegoaldean lurreko inbasio bati ekiteko etengabeko mehatxuarekin.

Asteburuan, gainera, Hezbollahko hainbat buru garrantzitsu hil dituzte sionistek. Hasan Nasrallah idazkari nagusia eta Ali Karaki komandantea Beiruten erail dituzte erasoaldi batean; eta, zenbait iturriren arabera, Abbas Nilforooshan jenerala, Nabil Qaouq edota Mohammed Srour ere hil dituzte. Hainbat iturrik diote, bestalde, Palestinaren Askapenerako Herri Fronteko (PFLP) hiru kide ere erail dituztela operazioan.

Nasrallahk bizia galdu zuen erasoan, 80 bonba baino gehiago erabili zituzten sionistek, eta 300 pertsona inguru erail zituzten guztira. Sei etxebizitza-apartamentu suntsitu zituzten.

Dena den, erasoekin segitzen dute: azken orduetan, beste 100 lagun baino gehiago hil dituzte Libanon, hala nola Beirut hiriburuan. "Hau ez da amaitu, Hezbollahk gaitasun gehiago ditu" mehatxatu dute Israelgo Defentsa Indarrek (IDF, ingelesez). Mendebaldeko gobernuek, hala nola AEBetakoak, azken egunetako erasoak txalotu dituzte.

Libanoarren %20, ihesean

Azken asteetako eraso sionisten ondorioz, milioi bat libanoarrek jo behar izan dute ihesera. Biztanleria osoaren %20 da hori. Libanoko Gobernuaren arabera, herrialdean sekula ikusi den errefuxiatu-olaturik handiena izan daiteke. Une honetan, 777 babesleku omen daude martxan, eta 116.000 lagun baino gehiago hartu dituzte horietan.

Badirudi askok erabaki dutela Siriara joatea. Irailaren 23tik hona, Libanon bizi ziren 36.000 siriarrek baino gehiagok eta 41.000 libanoarrek egin dute alde Siriara. Ikus daitekeen modura, gehienak siriarrak dira jatorriz: 2011n Libanora ihes egin behar izan zuten, bertako gerratik eta miseriatik ihesi.

Une honetako ihesaldi masiboa gertatzen den bitartean, Sirian ere bonbardaketekin jarraitzen du Israelgo Estatu genozidak, hainbat iturrik jakinarazi dutenez. Azken egunetan, berriz bonbardatu du Damasco hiria.

Palestinan, urriaren 7aren atarian

Sionistek palestinarren kontrako azken oldarraldi masiboa hasi zutenetik ia urtebetera, Gazako Zerrendan zein Zisjordanian mantentzen dituzte erasoak. Ezinezkoa da jadanik ondorioak zenbatzea, baina, azken informazio batzuen arabera, Isralgo Estatuak gutxienez 41.000 palestinar erail ditu Gazan 2023ko urriaren 7tik hona, eta 1.000 inguru Zisjordanian. Desagerrarazitako, zauritutako, atxilotutako edota torturatutako palestinarrak ehunka milaka dira.

NO HAY COMENTARIOS