Ertzaintzaren baldintzetan eta soldatetan egindako hobekuntzak balioztatzeko dekretua onartu du jada Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak. Beraz, datorren urrian sartuko da indarrean ertzainen soldata-igoera, eta urtean gutxienez 4.200 euro gehiago kobratzen hasiko dira. Horrekin, Ertzaintza bilakatuko da Espainiako Estatuan gehien kobratzen duen polizia-indarra.
Jaurlaritzak eta polizien gehiengo sindikalak joan den martxoan lortu zuten akordio bat 2025-2028 aldirako, Ertzaintzako agenteen baldintzak hobetuz. %10eko soldata-igoera minimoaz gain, bestelako plus batzuk jasotzen zituen akordioak: gaueko eta jaiegunetako lanaldiei lotutakoak, Bilbo (Bizkaia) bezalako hiri handietako agenteei ordainduko dizkietenak... Adostutako baldintzak betetzeko, Jaurlaritzak 45 milioi euroko inbertsioa egingo du apurka.
Soldatari lotutako baldintzak hobetzearekin batera, besteak beste, jaiegunetako eta gaueko lanaldietako baldintzak gainerako funtzionarioenekin parekatzea, ikerketari eta inteligentziari begirako espezializazioan sakontzea, prestakuntza eta entrenamenduak hobetzea eta abar adostu zuen gobernuak. Uztailaren bukaeratik abuztuaren hasierara bitartean argitaratuko dute hitzartutakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta orduan egongo da indarrean, soldata-igoerak urritik aurrera gauzatuko diren arren.