ACTUALIDAD / Represión
Tuterako bi foruzainek komisarian pertsona bati emandako tratu txarrak, argitara
Osasun mentaleko arazoak dituen pertsona bati egindako erasoagatik kondenatu dituzte bi foruzain: Nafarroako Auzitegiak aitortu du atxilotua asintu eta jo zuela agente batek, beste bik begiratu besterik egiten ez zuten bitartean. Hiru urteko eta urtebeteko inhabilitazioak eta hilabete gutxiko espetxe-zigorrak baino ez dizkiete ezarri.
2026eko apirilaren 20 - 05:28
Tuterako bi foruzainek komisarian pertsona bati emandako tratu txarrak, argitara
— ARGAZKIA Navarra.com

2025eko otsailaren 12an, Tuteran (Nafarroa), buruko arazoak dituen pertsona bat atxilotu eta komisariako ziega batera sartu zuen Foruzaingoak. Bertako kamerek grabatu zuten poliziek bertan egindako erasoa: kalabozora sartu, astindu eta aurpegian ukabilkadak jo zizkion agente batek. Bertan zeuden beste bi foruzain ere, eta ez zuten ezer egin euren kidea atxilotua jotzen hasi zenean. Navarra.com-ek zabaldu du grabazioen bideoa.

Hurrengo egunean larrialdi-zerbitzuetara joan zen biktima, eta jasandako erasoaren zantzuak ikusi zizkioten, Berria-ren arabera: hematomak eta tumefakzioa sudur azpian, ubeldurak bi belaunetan... Horrekin eta aipatutako grabazioekin, Nafarroako Probintzia Auzitegiak frogatutzat jo du Foruzaingoak eraso egin ziola pertsona horri: agenteetako bat kondenatu du atxilotua jotzeagatik, eta beste bat, berriz, ez esku hartzeagatik, "gertatutakoa eragotzi" zezakeen arren. Ziegan zegoen hirugarren polizia absolbitu egin du.

1-3 urteko inhabilitazioak eta 6-9 hilabeteko zigorrak

Dena den, epaitegiak bederatzi eta sei hilabeteko espetxe-zigorrak baino ez dizkie ezarri kondenatutako bi agenteei. Hain zuzen ere, lesio delitu "arin" bat eta "osotasun moralaren aurkako delitu" bat leporatu dizkiote biktima jo zuen poliziari, 600 euroko isunarekin eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorrarekin, hurrenez hurren. Agintari edo funtzionario batek bere karguaz abusatzea eta pertsona baten osotasunaren kontra jardutea zigortzen du bigarren delitu horrek, eta beste agenteari ere delitu hori egotzi diote, sei hilabeteko zigorrarekin.

Horrekin batera, hiru urteko inhabilitazioa ezarri dio auzitegiak atxilotua jipoitu zuen poliziari, eta urtebetekoa bigarrenari. Kalte-ordain batzuk ere ordaindu beharko dizkiote biktimari.