ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / WSWS
2024/04/18 10:09

Aurreko asterako, Palestinarekin elkartasunez, kongresu bat antolatu zuen Berlinen sionismoaren kontrako elkarte batek: Palestinaren eta Bakearen Aldeko Juduen Ahotsak. Asmoa zen, ekimen horretan, Gazako sarraskia, okupazio sionista eta Alemaniako Gobernuaren konplizitatea lantzea, gonbidatu ugariren eskutik. Ostiralean hasi zen hiru eguneko kongresua, baina hura debekatu eta indarrez itxi zuten tokiko polizia-agintaritzek: 900 polizia-agente mobilizatu eta ekimena eten zuten.

Kongresua egiten ari zen bitartean sartu zen Polizia aretora, 250 pertsona bertan zirela. Zuzeneko jarraipena gelditu zuten agenteek, eta kongresua grabatzeari utz ziezaiotela agindu zieten lan horretan ari zirenei, hainbat hizlari hitz egiten ari ziren unean. Argindarra ere moztu zuten. Palestinaren aldeko ekimena zarratuta, sionismoaren kontrako judu batzuk atxilo eraman zituen Poliziak.

Horren aurretik, gainera, kongresuan hitz egin behar zuen hizlarietako bat atxiki zuten aireportuan: Ghassan Abu Sitta palestinarra, hain zuzen ere. Alemaniara sartzea debekatu zioten, kongresuak irauten zuen bitartean. Gainera, bere parte-hartzea hartu zuten aitzakiatzat polizia-agintaritzek, judu antisionistek antolatutako kongresua debekatzeko. Abu Sittak "adierazpen antisemitak" egin izan dituela esan zuen Poliziak, ironikoa badirudi ere.

Udi Raz izan zen aurreko astean Berlinen atxilotutako juduetako bat. Hala azaldu zuen gertatutakoa Sionismoaren Kontrako Juduen Batasunak (@TorahJudaism): "Atxiloketaren arrazoia Israelen aurka egindako protesta eta Palestinari emandako babesa izan ziren. Alemanian, Israelen aurka egotea eta Palestinari laguntzea krimentzat hartzen da. Zergatik egon da Alemaniako Estatua beti alde okerrean historian zehar?".

Alemaniako Estatuan gogor debekatu eta jazarri dute Palestinarekiko elkartasuna azken hilabeteetan. Palestinaren aldeko mobilizazio ugariri jarri diote debekua, baita horiek erreprimitu ere. Eta ez hori bakarrik: keffiyeh zapia eramatea ere kriminalizatu dute agintaritzek.

Sionismoaren kontrako juduak jopuntuan Palestinan ere

Alemanian ez ezik, Israelgo Estatu sionistak ere jazartzen ditu sionismoaren aurka dauden juduak palestinar lurretan. Militar israeldarrak hainbatetan sartu dira indarrez judu horien sinagogetara, euren kontra oldartuta. Aurreko astean bertan, Jerusalemgo sinagoga antisionista batera bortizki sartu ziren soldadu israeldarrak, eta bertan zeuden juduak aterarazi eta kolpatu zituzten.

NO HAY COMENTARIOS