Hainbat hilabetez biltzen eta lanean aritu ostean, Gasteizko (Araba) dozenaka gazte langilek asanblada berri bat sortu dute: Siberia Gazte Langileon Asanblada. "Langile diogu ez lanean ari garelako, baizik eta langile klaseko gazteak garelako", argitu dute.
Azaldu dute hiru oinarri nagusi dituela asanbladak: "balio unibertsaletan oinarritutako gizarte baten alde borrokatzea, instituzioetatik kanpo gazte langileok independenteki antolatzea eta eraso ororen kontra borrokatzea". "Aurkezten zaigun gazteriaren irudiaren aurka, borrokatzeko, egunerokotasunean gure gizartea hobetzeko eta gure borroka jada beharrezkoa izango ez den gizarte baten alde lan egiteko prest dagoen gazteria langilean sinesten dugu", gaineratu dute.
Asanbladara batzera deitu dute Siberia-Gasteizko kideek: "Emantzipatzeko ezintasuna, kriminalizazioa, aisialdirako espazioen falta, lan prekarioak eta bizitza oro har gero eta garestiagoa bizi duen gazte langilea baldin bazara, animatu asanbladara eta antolatu zaitez".
Gazte Langileon Eguna hilaren 5ean
Aurreko ostiralerako, uztailaren 5erako, Gazte Langileon Eguna antolatu zuen asanbladak. Campos Negrosen elkartu ziren arratsaldetik, eta gauera arte luzatu zuten egitaraua: futbito, mus eta ping-pong txapelketak, asanbladaren aurkezpena eta musika emanaldiak izan ziren, besteak beste.