Sestaoko (Bizkaia) komisariako ertzainak ari dira uniformeetan kamerak eramateko proba pilotua egiten, eta haiek izaten ari dira lehenak kontrol-sistema berria erabiltzen. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du jakinarazi nola izango den gailu berriak hedatzeko prozesua, eta zein herritako edo unitatetako poliziak hasiko diren uniformeetan kamerak izaten.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak urriaren hasieran eman zuen abisua: esan zuen azaroan hasiko zirela ertzainak soinean kamera txikiak eramaten, nahiz eta ez zuen azaldu zein epetan aplikatuko zuten sistema berria. "Poliziaren gardentasunaren" izenean hartu zuen neurria Jaurlaritzak, eta aitzakia berari heltzen segitzen du.
"Segurtasun handiagoa ekarriko du denontzat", adierazi du berriki Zupiriak. Hala ere, oraindik ez dute argitu zer nolako erabilera emango dieten ertzainek etengabe grabatuko dituzten irudiei. "Baliabide bat gehiago izango da gauzak nola gertatzen diren jakiteko
eta horien inguruko erabakiak hartzeko, bai polizien jardunean, baina
baita Justiziaren ikuspegitik ere", aurreratu zuen Zupiriak aurreko hilean.