Sarralle enpresak sei hilabeterako enplegu-erregulazioko espediente bat sartu zuen indarrean atzo, otsailaren 16an, taldea osatzen duten zortzi lantokitan. Azpeitian (Gipuzkoa) daude horiek guztiak: Sarralle Steel Melting Plant, Kyretabi Sarralle Group, Sarralle Comercial, Sarralle Montajes, Sarmelt Engineering, Kyresearch AIE, Sarralle Engineering eta Sarralle Services Generales, hain zuzen ere. 214 behargini eragingo die neurriak.
GUKA hedabideak jakinarazi duenez, "arrazoi ekonomikoak" eta "antolaketari eta ekoizpenari" lotutakoak argudiatu ditu enpresa-zuzendaritzak, espedientea ezartzeko. Dena den, erregulazioko txostenari buruzko elkarrizketetan ez da akordiorik egon zuzendaritzaren eta langileen artean, eta adostasunik gabe inposatu dute neurria zuzendaritzakoek, kontsulta-aldia amaituta. Aipatutako komunikabidearen esanetan, espedienteak ez dizkie baldintza berdinak ezartzen kaltetutako 214 langileei.