Madrilgo 12. zenbakidun eta Donostiako 5. zenbakidun epaitegiek tramiterako onartu dituzte Josu Mujika Aiestaranen eta Txomin Letamendi Muruaren erailketei lotutako kereilak. Euren senideek eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak aurkeztu zituzten eskaerak. Ez da ohiko joera kereilak ontzat ematea, ohikoena baita epaitegiek atzera botatzea halako eskaerak, ikerketa eta prozesu penalei bidea itxiz. Behatokiak pozez hartu du berria, baina gogorarazi du "ebidentzia" bat dela Espainiako Estatuak eta auzitegiek "estali" egiten dituztela Mujikarena eta Letamendirena bezalako krimenen egileak: biak polizia-indarrek erail zituzten, Madrilen.
Mujika 1975eko uztailean hil zuen Poliziak, tiroka. Behatokiak oroitarazi du "egiaztatuta" geratu zela "Mikel Lejarza agente infiltratuak parte hartu zuela" operazioan. Bergarako (Gipuzkoa) Epaitegiak esan zuen ez duela eskumenik halako kasu bat lantzeko, eta orduan jo zuen Madrilgo epaitegi batera Behatokiak. Badirudi aurrera egingo duela prozesuak.
Letamendi, berriz, 1950eko abenduan erail zuten polizia frankistek, haiek egindako torturen eta "jasan zituen espetxe-baldintza penagarrien ondorioz", Behatokiaren hitzetan. Donostiako 5. epaitegiak erabaki du ofizioa Espainiako Barne Ministerioko Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari helaraztea, Letamendiren atxiloketaz arduratu ziren bi poliziaren datuak eman ditzan; hain zuzen ere, Jose Nogues Recoo Poliziako inspektore nagusiarenak eta Fernando Escudero Arcocha agentearenak.