Uztailaren 24tik 25erako gauean atxilotu zuten Mario izeneko gizonezko bat Parisen, ustez, Olinpiar Jokoei lotutako polizia-miaketa batean. Agintaritzari men ez egitea eta polizia-agenteak iraintzea egotzita, atxilo eraman zuten jatorri peruarreko laguna. V-VI. distrituetako komisarian, tratu txarrak eman zizkion Poliziak, eta gertatutakoa bideoz jaso zuen kameretako batek. Irudiak argitara eman ditu Libération hedabideak.
Irudietan ikus daitekeenez, gutxienez bi agentek jipoitu zuten Mario. Denbora luzez, behin eta berriz kolpatu zuten: beso bat hautsi zion polizietako batek, eta kontusioak eragin zizkioten gorputz osoan zehar. Bitartean, erabatekoa izan zen polizia-etxean zeuden gainontzeko agenteen konplizitatea: ez zuen inork esku hartu, eta irri batzuk ere entzuten dira bideoan.
Libération-ek jakinarazi duenez, Poliziak bere jarduna nola ezkutatzen duen frogatzen du bideoak. Izan ere, badirudi komisariako poliziek Marioren atxiloketan gertatutakoari buruzko kontakizun faltsu bat egin zutela, torturatzaileak babestuz.
📹 Parisko polizia-etxe batean pertsona bati emandako jipoiaren irudiak argitaratu dituzte
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) September 23, 2024
Uztailean, Polizia iraintzea leporatuta atxilotu zuten gizon bat. Komisarian tratu txarrak eman zizkioten bi agentek, gainontzekoen konplizitate osoarekin
🔗 https://t.co/ZqgnIVY83w pic.twitter.com/eYKxZ0jSmE