Hurrengo asteetan ere Palestinaren alde "presioa egiten eta kaleak hartzen jarraitzeko" asmoz, lekuan leku, Palestinaren Aldeko Gazte Komiteak jarriko ditu martxan Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS). Euskal Herriko herri eta auzo ugaritan sortuko ditu gazteentzako borroka-espazio horiek, lau helburu nagusirekin: "Israelen desegitea exijitzea, bi estatuen irtenbide faltsua salatzea, agintarien konplizitatea seinalatzea eta palestinar erresistentzia babestea".
Palestinaren Aldeko Gazte Komiteetara batzera deitu du gazte-antolakundeak, eta, pixkanaka, ari da Euskal Herri osoan barrena deialdiak zabaltzen. Tokian tokiko taldeek argitaratuko dituzte herri eta auzo bakoitzeko deialdiak, euren sare sozialen bidez.
"Israelen aurkako mobilizazioa gero eta handiagoa da. Azken hilabeteotan, milaka izan gara Euskal Herrian Israelen desegitea exijitu eta palestinar erresistentziaren alde mobilizatu garenak", nabarmendu du GKSk. Horiek horrela, "borroka horri ekarpena egiten jarraitu" nahi du aurrerantzean ere, eta horretarako eratuko ditu Palestinaren Aldeko Gazte Komiteak.
Estatu sionistaren suntsipena
Komite berrien oinarriak sakonduz, GKSk seinalatu du ezinbestekoa dela estatu sionistaren suntsipena aldarrikatzea, "estatu terrorista eta genozida izanik, ez dauka-eta existitzeko eskubiderik". Hortaz, Israelgo Estatuaren aldeko boikota erreibindikatu du, eta lan egingo du Euskal Herrian ere "Israelekin harreman oro eteteko presioa egiten" segitzeko.
Horri lotuta, beharrezkotzat jo du "Mendebaldeko politikari eta enpresarien aurpegi zuriketa salatzea"; "izan ere, genozidioa ukatu ezin den garai batean eta mobilizazioak biderkatzen ari direnean, aurpegia zuritzen saiatzen ari dira, baina Trumpen eta Netanyahuren plana babesten dute, Palestina suntsitu eta beren negozioak egiten jarraitu ahal izateko".
GKSk esan du, bestalde, "iruzur hutsa" dela Mendebaldeko hamaika agintarik, erakundek eta mugimenduk eskatzen duten bi estatuen aterabidea. Ohartarazi du "izaera kolonialista eta espantsionista" duela Israelek, eta beraz, "bi estatuen bizikidetza" ez dela "irtenbide erreal bat palestinarrentzat". Horregatik guztiagatik, ezinbestekotzat jo du "genozidioaren aurrean palestinar herri langileak erresistentziarako duen eskubidea" defendatzea, eta horren alde ere egingo dute lan Palestinaren Aldeko Gazte Komiteek.
🇵🇸Datozen asteetan presionatzen eta kaleak hartzen jarraitzeko Palestinaren Aldeko Gazte Komiteak sortuko ditugu:
— Gazte Koordinadora Sozialista (@GKSozialista) October 8, 2025
• Israelen desegitea exijitzeko
• Bi estatuen irtenbide faltsua salatzeko
• Agintarien konplizitatea seinalatzeko
• Palestinar erresistentzia babesteko pic.twitter.com/zubob5kv73