ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/06 10:04

"Honaino izan da Ertzainas En Lucha". Edukitako "pazientzia amaigabea" aldarrikatu ostean, Ertzainas En Lucha taldeak aditzera eman du, momentuz, eten egingo duela bere jarduna. "Kolektiboaren gehiengoak nahi duen horretara egokitu behar da", adierazi du ohar nahasi batean, ulertzera emanez gehiengoak eskatu duela jarduna gelditzeko, bi urteko ibilbidearen ondoren.

Eusko Jaurlaritzak eta Ertzaintzako gehiengo sindikalak (ERNE, ESAN eta SIPE) hitzarmen kolektiboa berritzeko aurreakordioa iragartzean heldu da Ertzainas En Lucharen erabakia. Gobernuaren eta sindikatuen iragarpen horri gutxi iraun duen amorrualdi batekin erantzun dio taldeak, Euspel sindikatuarekin batera Bilbon (Bizkaia) protesta bat egin eta gero, bere geldialdiaren berri eman baitu. Sare sozialetan esan duen arren Ertzaintzak "hitzarmen duin bat merezi" duela eta taldeak "hor jarraitzen" duela, ez du zehaztapenik eman.

Agur esateko idatzian, Ertzainas En Luchak berriz kritikatu du itun kolektiboari buruzko aurreakordioa, esanez sindikatuek ez dutela Ertzaintzaren "gehiengoa ordezkatzen", eta gaineratu du hitzarmenaren "xehetasunak argitara ateratzeko zain egoteko" unea dela. Jakitera eman du urtebete barru izango diren hauteskunde sindikalei begira jarriko dela orain, jatorriz, jardun sindikaletik kanpo kokatzen zen talde modura jaio zen arren, soldata-hobekuntzen aldarria aitzakiatzat hartuta. Antzeko mugimenduak sortu izan dira Guardia Zibilean edo Espainiako Polizian ere.

NO HAY COMENTARIOS