Atzo jakinarazi zutenez, Mariam Abu Daqqa militante komunista palestinarra atxilotu dute Frantziako Estatuan, Marsellan. Dirudienez, egonaldi laburretarako bisa kendu zioten atzo bertan, eta etxeko atxiloaldian sartu dute, "ordena publikoa asaldatzea" egotzita. 45 eguneko atxiloaldi bat ezarri diote, momentuz, argudiatuta bere hitzaldiek eta adierazpenek "tentsioak, gorrotoa eta komunitateen arteko indarkeria elika" ditzaketela.
Barne ministro Gérald Darmaninek eman zuen Abu Daqqa atxilotzeko agindua, eta hura kanporatzeko prozedura ere martxan jarri du jada. Dirudienez, "erabateko presaz" Frantziatik kanporatzeko agindu bat sinatu du Darmaninek.
71 urteko palestinarra joan den irailean mugitu zen Gazatik Frantziara, azaroaren 10era bitartean, Palestinako emakumeen egoerari buruzko hitzaldi batzuk eskaintzeko. Frantziako Estatuko hainbat hiritatik igarotzekoa zen Abu Daqqa, auzi hori lantzeko eta egindako borroka azaltzeko.
Besteak beste, jopuntuan jarri dituzte Abu Daqqak urriaren 7an egindako adierazpenak, konferentzia batean. Hala dio atxilotze-aginduak: " [...] kontuan hartuta [...] bere hitzaldian, bereziki, Gazarekin elkartasuna eskatu zuela, iritzita gaia ez dela behar bezala landu, eta eskatu zuela manifestazioetan eta kirol-ekitaldietan gehiago eztabaidatzeko, Frantziako Gobernuari eta Europari presio egiteko asmoz".
Emakume palestinarra pankarta bat erakusten duen argazki batean atera izana ere kriminalizatu du Frantziako Barne Ministerioak. Ondoko mezua ageri zen pankartan: Ez dugu herri baten borroka zentsuratzen, Palestinak irabaziko du.