Aste honetan berriz eman dute abisua Valentzian, baina baita Malagan ere, DANA batek sor zezakeen ekaitzarengatik. Milaka pertsona lekualdatu behar izan dituzte, eta oinarrizko zerbitzu ugari utzi behar izan dituzte bertan behera zenbait tokitan; hala nola, osasun-arreta.
Azken euriteek eragin berezia izan dute Malagan. Besteak beste, hezkuntza- eta osasun-zentroak zarratu behar izan zituzten atzo, eta eten egin zuten garraio publikoa. Baina hori guztia ez da nahikoa enpresa-jarduna eteteko, Mercadonako zuzendaritzaren ustez. Alerta gorria indarrean zegoenean, martxan ikus zitezkeen Mercadonaren saltokiak eta banaketa-ibilgailuak, bere irabaziak azkeneraino zukutzeko ahaleginean.
Valentzian izan zirenak bezalako irudiak argitaratu dira aste honetan Malagan: urak hartutako kaleak, eta Mercadonaren ibilgailuak han-hemenka. Juan Roig buru duen enpresak berriz jarri zituen arriskuan milaka beharginen biziak: kalkuluen arabera, Malagako 84 lantoki mantendu zituen zabalik, eta 5.500 langile behartu zituen lanean jarraitzera.
Valentziako beharginen lekukotzak
Valentzian ere, azken egunetan, Mercadonak berriz jardun du duela pare bat aste bezala, eta hainbat beharginek kontatu dute zer nolako egoerak sortu dituen enpresak. Ribarrojako Mercadonako langileak, adibidez, lanera joatera derrigortu zituzten astelehenean, euriteengatik abisua emanda zegoen arren.
Goizeko txandara joan zirenak trailerretan itxi zituzten denboralea zela-eta, nolabait babesteko. Euren txanda eguerdian bukatzen zen arren, ordu horretarako ezin zuten dagoeneko horietatik irten, ekaitzaren ondorioz. Arratsaldeko txandako plantilla bidali zuen enpresak harrapatutako beharginak askatzera, lantokia urak hartuta zegoenean eta kraska egiten hasia zenean. 17:30ean eten behar izan zuen jarduna enpresak, argindarrak alde egin zuelako nagusiki. Langileak harrapaturik geratu ziren lantegian, hurrengo goizera arte.
Mercadonako beste behargin batek ere eman du bizitakoaren berri, bere lantegia non dagoen zehaztu ez badu ere. Plater prestatuak egiten dituzten planta batean, euren lanpostuetara joatera derrigortu zituzten langileak, eta lanean murgilduta zeudela esan zien enpresak dena geldirik eta etenda zegoela kanpoan, denboralearen eraginez. Aurrez, ez zien ezer jakinarazi. Beharginek gau osoa eman behar izan zuten bertan, harrapaturik. Hurrengo goizeko jarduna ez zuen eten enpresako zuzendaritzak, eta arriskutsua izan arren, goizeko txanda hasi zenerako, langile gutxi batzuk agertu ziren lanera.
Valentzian DANA iragarrita zegoenean Roigen enpresak izan zuen jarrera kriminala dela-eta, aurpegia zuritzeko neurri baten berri eman du aste honetan: 50.000 euro emango omen dizkie euren etxea galdu duten Mercadonako soldatapekoei, euren bizia arriskuan jarri ostean.